Skip to main content
Imagen
pozoweb
10, August 4

Ehun urteko zentroaren erabiltzaileekin Hurkoak egindako tutoretza-lana aitortu du Zorroagak

Azken zortzi urte hauetan Hurkoa Fundazioak gogor egin du lan Zorroaga egoitzan zaintza berezia behar duten pertsonak ahal bezain ongi jagoteko. Jatorrian, hogei pertsonarentzako tutoretza-lana hitzartu zuten, baina kopuru hori bikoiztu egin da dagoeneko. Guztira, Hurkoak egiten dituen tutoretza-lanen % 10 da hori, eta Zorroaga egoitzako erabiltzaileen % 14; zenbateko horiek lankidetza-hitzarmenaren garrantzi handia adierazten dute, nolabait.

Baina, zenbakien gainetik, zerbitzuaren kalitatea nabarmendu behar da; izan ere, bi fundazioak gogor ahalegindu dira hitzarmenean jasotako jarduera guztiak behar bezala gauzatzen. Horrela, alderdi bakoitzari egoera jakinetan eragiten dieten zeregin guztiak zehaztuta eta zorrozki araututa daude, eta ondorioz, zaindu beharreko pertsonen jarraipena zein egiteko horren jarduna, oro har, errazagoak bilakatzen dira.

Formula horrek arrakasta handia izan du; hori dela eta, Hurkoak Gipuzkoan dituen beste egoitza eta zentro batzuetan ere baliatu nahi du.

Horregatik guztiagatik, Zorroagak Hurkoa Fundazioaren lana eskertu nahi izan du, kalitate-plusa eman baitio erabiltzaileekiko arretan.

Urteurrenaren ospakizuna

Azaroan beteko ditu 100 urte Zorroaga Fundazioak, baina egin da dagoeneko urtemuga ospatzeko festa. Ospakizun-jaialdian erakundearekin lan egin duten eta egiten duten hainbat kolektibok hartu zuten parte, Hurkoa Fundazioak barne. Azken horri, elizaren dorrearen kopia bat oparitu zioten. Horrez gain, beste hainbat ekintza ere antolatu ziren: José Ignacio Munillak –Donostiako gotzainak– meza eman zuen Zorroagako elizan; festa- eta jolas-jardunaldi bat antolatu zen, erabiltzaileen, senideen, langileen eta kolaboratzaileen artean; eta Javier Sada historialariak hitzaldi bat eman zuen, Zorroagako eraikinen bitxikeriei buruz.