Skip to main content
Imagen
Eguneko zentroa
11, November 16

Hurkoak hasiera eman die bere Eguneko Zentroa birmoldatzen amaitzeko lanei

Nuestra Señora de las Mercedes eguneko zentroaren irisgarritasuna hobetzeko prozesuarekin jarraitzen du Hurkoa Fundazioak, baita zentro-mota horientzako indarrean dagoen araudira egokitzen ere. 1982an bere jarduera utzi zuen antzinako klinika baten eraikinean dago eguneko zentroa, duela 25 urtetik. Azken araudiak onartu zirenetik, instalazioek ez zituzten betetzen legezko eskakizunak, eta beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren laguntzari esker, egokitzeko beharrezko ziren lanak egin dira.

2002an hasi ziren lan horiek, gelei eta erabiltzaileek darabiltzaten hiru solairuei lehentasuna emanez. Horretarako, igogailu berria jarri zen eta garraioa modernizatu zen. Hala ere, oraindik -1 solairua geratzen zen berregituratzeko, hau da, sukaldea, garbitegia, ile-apaindegia, biltegia eta langileen aldagelak zeuden solairua. Galdara ere aldatu beharra zegoen (25 urte zituen eta ez zuen egungo araudia betetzen); gasolio-depositua kendu eta erregai gisa gas naturala erabiliko duen berria jarriko da.

Inbertsio horiek kostu handia dute, aurrekontua 423.000 eurokoa baita, hain zuzen ere. Horietatik 186.000 euro galdara-aldatzeari eta depositua ixteari dagozkie, eta gainerako 237.000 euroak zerbitzuen solairua egokitzeko behar dira, beharrezko altzari berriak jartzea barne.

Birmoldaketa horiek guztiak egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamentuaren ekarpen handia izan du Hurkoak; izan ere, krisi ekonomikoaren testuinguruan egonagatik, aurrekontu osoaren 326.000 euro jarriz lagundu baitu inbertsioa. Bestalde, Kutxa Fundazioak 60.342 eurorekin lagundu du. Gainerako 36.000 euroak Hurkoa Fundazioaren gain geratzen dira. Fundazio horrek baliabide oso mugatuak ditu, jasotzen dituen dirulaguntzak esleitzen den proiektuan erabili beharrak ez baitio uzten inbertsiotarako soberakin handirik izaten.

Lan eta egokitzapen horiek guztiak bi alditan egingo dira.Lehena, eta presazkoena, galdara aldatzea eta gasolio-depositua ixtea, eta horren ordez gas naturalaren depositua jartzea dira.Esku-hartze horiek hilaren 7an hasi ziren gauzatzen, eta datorren abenduan zehar amaituko dira.Datorren urteko martxotik aurrera egungo beharretara egokitu eta modernizatuko da -1 solairuaren gainerakoa.