Skip to main content
Imagen
Arzak eta Aduriz
11, December 12

Juan Mari Arzak eta Andoni Luis Aduriz izan ditugu bisitan Eguneko Zentroan

José Luis de la Cuesta Hurkoa Fundazioko presidentea moderatzaile zutela, sukaldariek adineko pertsonentzat elikagai onenak zein diren eztabaidatu zuten; sukaldaritza hainbat gaixotasun saihesten laguntzeko, bai eta sendatzeko ere, lagungarri izan daitekeela esan zuten; jakiek beren kalitatea eta propietateak galdu gabe, talde handientzat nola prestatu behar diren adierazi zuten; bai eta gatzik edo azukrerik gabe plater goxoak eta gozoak nola egin azaldu ere, besteak beste.

Emandako aholkuen artean, Adurizek sasoiko produktuak erabiltzea gomendatu zuen, “merkeagoak eta kalitate hobekoak direlako”, eta nortasuna duten janariak, “usain handikoak, azukrearen edo gatzaren gisako osagairik bota beharrik ez izateko, adin batetik aurrera osasunarentzat ez baitira onak”. Arzakek hostorearen gisako gai kurruskarien alde egin zuen, “hortzoiak indartzeko eta, era berean, jatorduak dibertigarriagoak egiteko onak direlako; izan ere, adinean aurrera joan ahala, dastamena pixka bat galdu egiten da eta ehundurekin gehiago gozatzen da”.

Bi sukaldariak ados zeuden azaltzerakoan janarien elikagaiek jakineko gaixotasun batzuei aurrea har diezaieketela eta dagoeneko baditugunak senda ditzaketela, eta, dietari dagokionez, jaten dena bezain garrantzitsua dela nola jaten den. Horrela, orobat esan zuten egiaztatuta dagoela “bakarrik jaten duen jendeak okerrago jaten duela, eta konpainia onean egotea elikadura onaren funtsezko osagaia dela”. “Zoriontasuna sortzen duen elementu soziala da gastronomia”, amaitu zuten.

Opari benetan bitxia

Solasaldiaren ondoren, erabiltzaileek berek egindako bi koadro oparitu zizkieten sukaldariei, pintura gisa sukaldeetan erabiltzen diren produktuak soilik erabiliz eginak: txipiroi-tinta, azafraia, txokolatea edo piperrautsa, esaterako; bertan, marraztua zuten jakiek iradokitzen zietena. Aukeratutako bi koadroak Angelitarena eta Isabelena izan ziren, erabiltzaileek hautatuak egun horretarako prestatu zituzten dozenatik gorakoen artean, eta emakumeek berek eman zizkieten sukaldariei.Gainerakoak Nuestra Señora de las Mercedes eguneko zentroko hormetan eskegita daude ikusgai, Nafarroako Etorbideko 31 zenbakian, Donostian.

Lunch batekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari, eta erabiltzaileek, boluntarioek eta zentroko langileek aukera baliatu zuten sukaldariekin aurrez aurre hitz egiteko edota argazkiak ateratzeko.Arzakek eta Adurizek, beren aldetik, xaxu-kaxa batzuk oparitu zizkieten, bai eta egunen batean zentroan prestatu ahal izateko errezeta batzuk eskaini ere.