Hurkoak bere hogeigarren urteurrena ospatzeko 2010ean egin zituen ekitaldi guztien artean, hiru aipatu behar dira bereziki.Lehenengoa azaroa baino apur bat lehenago, Fundazioaren urtebetetze-egunean, egin zen, Gipuzkoako komunikabide nagusiekin elkartuta; Fundazioak daramatzan urteetan haren ekitaldi garrantzitsuenak lurraldean zabaltzeko balio izan zuen, eta, besteak beste, baita aurre egin behar izan dien arazoak, egindako aurrerapenak edo etorkizuneko erronkak zabaltzeko ere.
Hala, 20 urteko ibilbidean, 1.500 bat ezinduri lagundu diela azaldu zuen, eta, horrez gain, denbora-epe horretan, Gipuzkoako 2.500 familia baino gehiago aholkatu, orientatu eta lagundu dituela. Bestalde, Fundazioak dituen helburuen berri eman zuen, besteak beste: Arrasaten irekitako ordezkaritza berria sendotzea eta, epe ertainera, Goierri eta Bidasoa eskualdeetara hedatzea, bere zerbitzuak herritarrei ahalik gehien zabaltzeko, bai eta horien kalitatearen aldeko apustua berrestea ere. Horrez gain, buruko gaixotasunak zaintzeko baliabide gehiago eta tutoretzak nahiz ezgaitasunak baloratzeko epaitegi espezializatu gehiago eskatu zituen.
Horiek izan ziren, hain zuzen, azaroan egin zen bi urtez behingo batzarrean landu zituzten gaietako batzuk; batzarrean, aditu-talde bat bildu zuen Fundazioak, lege-erreformari eta gaitasun-maila ebaluatzeko moduei buruz eztabaida egiteko. Izan ere, horiexek dira une honetan tutoretzaren arloan kezka handiena sortzen duten gaietako bi, epe motzean sektorean izan ditzaketen ondorioak direla eta.Ekitaldiaren inaugurazioan, Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatu ohiak nabarmendu zuen “behar bezain malgu, azkar eta berritzaile” izan beharra dagoela, “tutoretza behar duten pertsonek izan ditzaketen behar berriak” bete ahal izateko.
Amaitzeko, Hurkoak bazkari bat antolatu zuen, bertako kideei eskerrak emateko “amets hau betetzen” laguntzeagatik. Bazkarian, ehun bat langile eta boluntario omendu zituzten, babesik gabe daudenen alde “gorputz eta arima aritzeagatik eta beren zerbitzu-bokazioagatik”, eta horrez gain, eskatu zieten ez galtzeko “Fundazioaren zerizana, hori baita haren kemenaren hauspo, sarean lan egiten jarraituko duen ereduzko tutoretza-zentro bihurtu duena”.
Eguneko zentroa
Hurkoaren Eguneko zentroak ere Gipuzkoako gizarte osora zabaldu nahi izan zuen, iaz, bere 25. urteurrena. Gonbidatutako komunikabideei eman zizkieten azalpenen arabera, menpeko 1.200 pertsonari baino gehiagori lagundu zaio mende laurdena honetan. Horrez gain, Gipuzkoan dagoen era horretako zentrorik zaharrena da eta bertan daude plaza gehien; une honetan, gainera, plaza horien % 99 beteta dago. Halaber, balio erantsia bermatzen du, zerbitzuen eta programen aukera handiena, banan banako arreta-planak, eta ISO nahiz EFQM ziurtagiriak eskainiz. Bestalde, azken urteetan, erabiltzaileek eta haien familiek hamarretik 9,3ko asebetetze-maila izan dute, batez beste; gainera, emandako datuen arabera, erabiltzaileen % 100ek zentro hau gomendatuko lieke beste pertsona batzuei, eta inork ez du baja eman beste leku batera joateagatik.
Alabaina, azaldu zuten Eguneko zentroak baduela etorkizunerako erronka bat: ereduzko izaten jarraitzea bere sektorean. Horretarako, zerbitzuak berritzearen eta etenik gabe hobekuntzak egitearen aldeko apustua egingo du, bere erabiltzaileen asebetetze-maila handiari eusteko asmoz. Ildo horretan, azpimarratu behar da urtero “aparteko” berrogei bat jarduera programatzen dituela, egunerokoan eman ohi dituen zerbitzuen eskaintza osatzen dutenak.
Egun hartan bertan, Hurkoak ekitaldi bat antolatu zuen, Eguneko zentroaren arrakasta errealitate bihur zedin aktiboki parte hartu duten erakundeak aitortzeko. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak eta Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak Foru Aldundiaren, Gipuzkoa-Donostia Kutxaren eta Donostiako Caritasen omenezko oroigarri-plaka bat erakutsi zuten, urte hauetan guztietan zentroarengatik egin dutena eta izan duten konpromiso eta parte-hartzea eskertzen duena.
“Bizitza oso bat” erabiltzaileei kalitatezko zerbitzu bat emateko lan egin duten langileei eta boluntarioei ere eman zizkieten eskerrak; horiek omentzeko bazkari bat antolatu zuten, “Eguneko zentro onena eraikitzeagatik”. Izan ere, haien lanari eta ahaleginari esker, horietako batzuen kasuan lehen egunetik gainera, Eguneko zentroa Gipuzkoako erreferentzia izanez iritsi da hogeita bosgarren urteurrenera.
Iaz antolatu ziren gainerako oroipen-ekitaldien artean, urtero erabiltzaileentzat norako berezi batera antolatzen den txangoa aipatu behar da, Arantzazuko Santutegira, hain zuen; Santutegia euskal historiako erreferentziazko lekua da, Aizkorri-Aratz Parke Natural zoragarrian dagoena. Eguneko zentroaren zuzendaritzak egun horretarako antolatu zuen plana bertan parte hartu zuten 61 lagunen gustukoa izan zen; “hurrengo urtean berriro txango hura egiteko gogo biziz” gelditu ziren.
Amaiera bikaina emateko, pasa den abenduan, zentroko erabiltzaileak, langileak eta boluntarioak bisitatu zituzten Juan Mari Arzak eta Andoni Luis Aduriz sukaldariek; guztiekin berriketan jardun zuten eta antolatu zen solasaldi magistrala ere ireki zieten. Bertan, elikadurari lotutako hainbat gai jorratu ziren, batik bat hirugarren adinari begira.