Skip to main content
Imagen
Exposicioa
12, October 9

Chillidak bere aztarna utzi du Hurkoan

Hurkoak urriko lehen astean antolatutako pintura-erakusketari hasiera emateko ekitaldiak publikoaren onarpen zabala izan zuen. Ia ehun pertsona egon ziren aurkezpenean, Kutxako Ekitaldi Aretoan, margolanek erakarrita, bai eta Eduardo Chillida Belzunceren presentziak erakarrita ere, gaur egun lurralde honetako pintore garrantzitsuenetako bat delako.

Guztiek azpimarratu zuten ustekabe atsegina izan zela beraientzat ikusgai jarritako lanen kalitate handia: buru-gaixotasuna duten hogei bat pertsonak Fundazioak antolatutako pintura-lantegietan lan eginez sortuak ziren.

Komunikabideen aurrean egindako lehen aurkezpenean, Hurkoa fundazioko presidenteak, José Luis de la Cuestak, nabarmendu zuen garrantzitsua izan zela fundazioarentzat erakusketa egin ahal izatea, “gure erakundea osatzen duten pertsonek dauzkaten balioak aitortzeko modu bat delako”.

Era berean, azpimarratu zuen pintura-lantegiak oso onuragarriak direla buru-gaixotasunen bat duten pertsonentzat, sormen- eta arte-gaitasunak garatu ahal izateko. Alde horretatik, esan zuen Hurkoak pertsona batzuei babesa emateak ez duela esan nahi pertsona horiek guztiz ezgai direnik; aitzitik, alderdi asko lant ditzakete. “Besteak beste, honela ere erakuts daiteke pertsona batzuek arazoak izan ditzaketela alde batetik, baina, bestetik, gauza direla beren bizipenak, mundu-ikuskera, errealitateari heltzeko daukaten era adierazteko, besteok ezin balia genitzakeen euskarriak erabiliz".

Zure omenez, Juanjo

Abel Barcenilla izan da, Maria Jesús Sesma eta Juanjo Llorente senar-emazteekin batera, pintura-lantegien eta, horrenbestez, erakusketaren bultzatzaileetako bat. Fundazioko presidenteak hitz egin ondoren, Barcenillak azpimarratu zuen jarduerak oso onarpen zabala izan zuela: “Hasieran, zaila izan zen konektatzea, baina, gero, oso erraza izan zen ikasleekin lan egitea. Emaitza oso ona eta koherentea izan da”.

Eskolei dagokienez, Abelek, margolanak egitearen aurretik, hori funtsezkoa izan arren, saio bakoitzaren azken minutuetan egiten zen hausnarketa azpimarratu zuen. “Hauek eta gisakoak aztertzen genituen: alderdi estetikoak (kolorearen garrantzia, konposizioa, margolan baten harmonia…), zer adierazi nahi zuten, ea zerbait egitea gehiago kostatu zitzaien, zer kolorerekin identifikatzen ziren… Horrek guztiak aldartea adierazten duelako, eta batzuetan alaitasuna, bestetzuetan tristezia… azaleratzeko balio duelako; hitz batean, sentsazioak. Azken batean bakoitzaren funts hori adierazteak egingo die ekarpen handiena”.

Barcenillak, era berean, azpimarratu zuen lantegiek askatze-sentsazioa ematen zietela ikasleei, ez bakarrik banan-banan, bai eta talde moduan ere; “izan ere, zenbait pertsona elkartzeko gunea izaki, babestuago sentitzen dira, eta beren baitan duten onena ateratzen dute”. Eta azpimarratu zuen erakusketa oso garrantzitsua dela, “lantegietan egindako guztia bere horretan gera ez dadin. Erakusketa honi esker, lantegian jardun dutenek ikusten dute dena harago irits daitekeela. Egin duten lana jende gehiagok ikusi ahal izatea lagungarria da barrerak, beldurrak eta arazoak gainditzeko”.

Azkenik, presidenteak ere hitz egin zuen, eta eskerrak eman zizkien Eduardo Chillidari Fundazioari emandako laguntza desinteresatuagatik, ikasleei erakusketaren benetako egileak izateagatik, eta Maria Jesúsi eta, bereziki, haren senarra izan zenari, Juanjori, lantegien sortzaile eta benetako arima izateagatik. “Juanjo hilda dago, ezin izan da gure artean egon, baina gustatuko zitzaiokeen”, gogorarazi zuen Abelek. Horregatik, hura omentzeko, erakusketan haren bi margolan jarri ziren.

Artea eboluzionatzeko

Ekitaldia Eduardo Chillidaren hitzekin amaitu zen. Ezer baino lehen, pintore guztiak zoriondu zituen, lanak “onak direlako benetan, batez ere dauzkaten koloreengatik eta eremu-sakontasunengatik” eta nola sentitzen zen aitortu zuen: "oso pozik nago, ikusi baitut margolanak egin dituztenei oso ilusio handia egiten ziela ni laguntzeko prest egoteak".

Eduardok gogorarazi zuen moto-istripu “beldurgarri” baten ondorioz hiltzear egon zela, gorputzaren erdia paralizatuta izan zuela eta, arteari esker, eskuina izan arren ezkerreko eskuaz margotuz, aurrera jarraitu ahal izan zuela, “margotzeak indarra ematen didalako. Emaitzak, zerbait ateratzen dela ikusteak motibatu egiten nau”. Era berean, erakusketako margolanak egin dituzten pertsonentzat “baliagarriak izan daitezke eboluzionatzeko”. Haren ustez, "margotzea, adibidez, lagungarria izan daiteke arazo bat konpontzeko”. “Margotzean, sentitzen duzu ez zaudela iragaitzaz hemen, munduan, eta aztarna uzten ari zarela. Kasu honetan, margolanak dira aztarna”, azpimarratu zuen.

Azkenik, hau gogorarazi zuen: “nire amak adin handia du, eta ezin du hitz egin egunetan; hala ere, etengabe margotzen du: bere adierazpidea da”. Erakusketako artistek gauza bera egin ahal izan dute: "Barruan dauzkaten sentimenduak kanporatu ahal izan dituztela nabaritzen da margolanetan. Nahiko adierazkorrak eta erakargarriak dira erakusketara datozen pertsonentzat. Politak dira, benetan”. Eta, amaitzeko, hau esan zuen: “Denok barruan nolabait daramagun artea alde batetik edo bestetik ateratzen da”; eta margotzen jarraitzeko eskatu zien: “Margotzen duzuena ez da inolako tontokeria, eta Hurkoan dagoen jendearekin, on-ona baita, beste erakusketa bat egin ahal izango duzue”.