Skip to main content
Imagen
Alez ale
12, December 28

Alez ale, mendi bat

Hiru egunez, 650 lagunek baino gehiagok beren iritzien berri eman eta hainbat auzi jorratu zituzten: belaunaldien arteko hartu-emana, gizarte-mugimenduak sustatu beharra eta gaur egungo krisiak boluntarioen lanen inguruan sortutako premia eta egoera berriak, besteak beste. Horiek horrela, norberaren onbeharra baino areago, “denon onbeharra lortzea helburu duen gizartea” sustatu beharra azpimarratu zen batetik, eta “oinarri demokratikoetan eta oinarri horien zutabe diren balioetan errotutako boluntariotza” sortzearen alde egin zen.

Imanol Zuberok, kongresuko ondorioen berri ematean, hauek aipatu zituen, besteak beste: “bat eginik aritu, itunak lortu eta eguneroko jardunean talde-lana ezinbesteko indartzat hartu beharra”. Beste proposamen batzuk ere egin ziren: "boluntariotzak ezinbestekoak ditu herritar aktiboak, eta alde horretatik, beharrezkoa da komunitate sendo bat garatzea, parte-hartzea sustatzeko, kontzientziak josi eta uztartzeko, norberaren kontzientzia martxan jartzeko, eta horrenbestez, gero eta boluntario gehiago izateko aukerak sortzeko, giza gaitasunak modu solidarioan zabalduz, itxaropena eta optimismoa transmitituz".

Boluntariotza, Hurkoaren arabera

Kongresuan aipatu ziren ideien artean, José Luis Marañón eta Sebastián Portunato boluntarioekin batera gure fundazioaren izenean parte hartu zuen Evelia Canterak nabarmendu zuen beharrezkoa zela sarean lan egitea, eta esan ere esan zuen ekarpen guztiak, handiak nahiz txikiak izan, den-denak zirela garrantzitsuak, “alez ale mendi bat eraikitzen” lagun diezaguketelako.

Canterak, gainera, garbi esan zuen “Hurkoak boluntarioen artean lidergoa sustatu” nahi duela, eta horretarako, beharrezkotzat dutela helburu eta funtzio jakinak dituzten lan-taldeak sortzea, “gurekin eta beste elkarte batzuekin elkarlanean aritu daitezen, unean uneko premiak detektatzea, norbanakoei eta taldeei laguntzea, ahulenak babestea eta gizarte gizalegezkoagoa eta bidezkoagoa sortzea helburu hartuta”.

Euskadiko boluntariotzari buruzko azterketa

Kongresuaren karietara, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko boluntariotzari buruzko 2012ko azterketa aurkeztu zuen. Azterketa horren arabera, Euskadin 157.000 boluntario daude: biztanleen % 8,6, hain zuzen. Azterketak, gainera, boluntario-eredu baten profila aurkezten digu: emakumezkoa (% 64,5), 50 urtetik gorakoa (% 53,6), unibertsitatean ikasia (% 42) eta ordaindutako lanik gabekoa (% 41), horixe da Euskadiko boluntarioen profila. Dena dela, zenbait alderdiri dagokionez boluntario-eredu bat beste bati gailentzen bazaio ere, zenbakiek garbi erakusten dute euskal boluntarioen artean aniztasuna dela nagusi.

Azterketaren datuen arabera, solidaritate-lanetan ari diren lagun asko eta asko daude gurean: 200.000tik gora dira beren denboraren zati bat besteei laguntzen emateko prest daudenak. Edonola ere, asko dira boluntario-lana utzi dutenak ere: 179.000 lagun; hots, % 9,8.

Esparruka, gizarte-ekintzak nagusi izaten jarraitzen du: boluntarioen % 35 (% 40, emakumeak) horretan dabiltza. Azkenik, esan beharra dago boluntarioen % 93,3 pozik edo oso pozik daudela beren lanarekin; % 0,5 baizik ez dira beren lanak asetzen ez dituela esaten dutenak.