Skip to main content
Imagen
 tercer sector
14, June 30

Hurkoak areagotu egiten du hirugarren sektoreari buruzko eztabaida-mahaietan duen parte hartzea

Hurkoak, hilabete bakar bateko epean, bere ezagutzaren ekarpena eskaintzen du Lares Batzarrean, Bakearen Mezularien jardunaldietan eta Eusko Jaurlaritzako Batzordean.

Bere jarduera esparruan nahiz bere ezagutzen ekarpena egin dezakeen beste arlo batzuetan gizartea informatzeko eta sentikor bihurtzeko asmoz, Hurkoak zabaldu egin du bere esku-hartzea hainbat erakunderekin elkar lanean aritzeko. Hilabete baino gutxiagoko epean, Hurkoa Erakundeak honako hauetan esku hartu zuen: Salamankako XI. Lares Batzarraren barruan 'Ezgaitasuna eta babesa: babeserako bideak' ikastaroa zuzendu zuen; Murtzian, Bakearen Mezulariek antolatutako I. Nazioarteko Gerontologia Batzarrean; eta, orobat, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko gizarte erakunde guztien arteko kanpo komunikazioetarako estrategia bateratu bat ezartzeko deitutako batzordean.

Horrela XI. Lares Batzarrean, Pertsona bakoitzaren balioa zeritzan gaiaren barruan, joan den maiatzean, arretarako eredu baten berri ematen saiatu zen; eredu horren helburua da esparru solidarioan aritzearen nortasuna ondo uztartzea helduen arretarako dauden jokabide aurreratuenekin, batez ere, mendekotasuna duten helduen arretari begira. Helburu zehatza: besteen ekarpenak jasotzea eta gizarte ingurunean eragitea, erakundeek mendekotasunari behar den sakontasunez hel diezaioten landu beharreko alderdi tekniko eta politikoetan.

Hurkoako Babes Arretarako arduraduna den Susana Montesinok Ezgaitasuna eta babesa: babeserako bideak izeneko ikastaroa eskaini zuen. Ikastaro horren xedea entzuleei ezgaitasunerako prozedurak eta babes karguak ezagutaraztea zen, betiere, arlo horiek gaixotasunengatik edo ezgaitasunengatik erabakiak hartzeko gaitasuna (gai pertsonaletan, ondasun gaietan, osasun arloan etab.) mugatua edo guztiz galdua duten pertsonak babesteko neurri bezala harturik. Lehendabiziko atalean ezgaitasunarekin eta babesarekin lotutako legezko argitasunak azaldu zituen eta, jarraian,elkarrizketaren bitartez, egoera praktikoei buruz eztabaidatu zen, arazoak aztertuz eta irtenbide jakinak landuz.

Bere aldetik, Hurkoako artezkaria den José Ignacio del Pozok bere txostena aurkeztu zuen, Bakearen Mezulariek Murtzian antolatutako I. Nazioarteko Gerontologia Batzarraren barruan, ekainaren 19an izan zen mahai inguruan. XXI. mendean zahartzea gaiaren barruan, besteak beste, honako gaiak aztertu ziren: mendekotasuna duten helduei arreta eskaintzeko erronkak, zahartzea eta bizitza kalitatea uztartzea, pertsona helduen ezgaitasuna eta haien babesa, gerontologiaren aurrerabideak eta Parkinson gaixotasunak jota daudenen beharrak.

José Ignacio del Pozok, Juan Pedro Hernández auzitegi-sendagilea eta Juan Antonio Fernández Murtziako Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea mahai inguruko kide izanik, gaur egun bizi dugun garai zail honetan ezgaitasunak, horren aurreko babesak, babes erakundeek eta arlo honen finantzaketak etorkizunean izan ditzaketen zailtasunak aztertu zituen.

Eusko Jaurlaritza

Babesaren gai jakinaz landa, Hurkoak esku hartu zuen Eusko Jaurlaritzako Famili Politika eta Komunitate Garapenaren Zuzendaritzak antolatutako foro batean ere. Bertan Euskal Herriko gizarte erakundeetan komunikazio arloko ardurak dituzten hainbat kide izan ziren (Hurkoa erakundearen aldetik, Kanpo Komunikazio arduraduna den Jon Ander Castellón). Boluntariotzaren Euskal Estrategiak jardunaldi hauek antolatu zituen komunikazio arloan sinergiak bultzatzeko eta gizartean eragiteko estrategia bateratuak lantzeko. Bakoitzak bere aldetik jotzen zuen hein batean eta ez dugu elkarren berririk nahiz eta antzeko arazoak izan lan honetan dihardugunok.

Beraz, elkartzearen xedea Gizartearekiko aurki-guneak. Lanabesak eta bideak gizarte erakundeen arteko harremanak hobetzeko izan zen.Orain Eusko Jaurlaritzari dagokio Hirugarren Sektoreari buruzko egitarau eta ildo nagusiak idatz ditzan zehazki.