Skip to main content
16, November 25

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du Hurkoari ematea 2016ko Boluntarioen Saria

Mendekotasun edo babesgabezia egoeran dauden adinekoak edo gaixo mentalak artatu eta haien eskubideak defendatzeko moduagatik. Sari-emate ekitaldia foru jauregian egingo da azaroaren 30ean.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak gaur goizean jakinarazi du Hurkoa Fundazioari emango zaiola 2016ko Gipuzkoako Boluntarioen Saria. Fundazioaren lehendakari den Jose Ignacio del Pozorekin batera agertu da diputatu andrea, eta azpimarratu du Fundazioak egiten duen lan “solidario, eskuzabal eta ordainezina”: “Hurkoa sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen eredu paregabea da”. Hurkoa Fundazioa Donostiako Caritasen ekimenez sortu zen 1990ean, ahultasun, mendekotasun edo babesgabezia egoeran dauden adinekoak edo gaixo mentalak artatu, zaindu eta haien eskubideak defendatzeko. Era berean, beste jarduera batzuk burutzen dituzte, besteak beste, adinekoenganako tratu txarren aurkako sentsibilizazio programak, aisia eta denbora libreko programak eta boluntarioen prestakuntza programak. Gaur egun entitateak 143 boluntario ditu (104 emakume eta 39 gizon), 322 pertsona tutoretzapean ditu, eta 560 familiari baino gehiagori eskaini die laguntza.

José Ignacio del Pozo jaunak, ondoan Hurkoako boluntariotza arduradun Hilario Sein zuelarik, “esker ona” adierazi die GFAri, sari honen epaimahaiari eta lagundu diguten elkarte guztiei. “Sari honek lagundu egingo digu gure lana ikusgarriago egiten, baita jendea guregana gerturatzen ere gure sarean boluntario izateko. Izan ere, gaur egun, bizi itxaropena inoiz baino handiagoa dela, gure adinekoen arazoak gureak ere badira”.