Skip to main content
Imagen
Acuerdi Hurkoa
18, March 19

Gipuzkoako farmaziek bat egin dute Hurkoak egoera zaurgarrian dauden pertsonak artatzeko duen programarekin

Hurkoa gaur egun Irunen eta Azkoitian proiektu bat garatzen ari da  hauskortasun egoeran dauden pertsonak identifikatu eta artatzeko -batez ere adinekoak-, gizarte-sarerik ez izan eta eguneroko bizitzako jardueretarako laguntza behar dutenak identifikatzeko.

Hurkoako presidenteak, José Luis de la Cuestak, eta Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko presidenteak, Ángel Garayk, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, gaur egun Hurkoa Fundazioak lurraldean (Irunen eta Azkoitian) paziente hauskorrak artatzeko garatzen duen programarekin bat egiteko gipuzkoar farmaziek. Irungo farmaziek programaren lehenengo fasean hartu dute parte, 12 hilabetez garatu baita udalerri horretan esperientzia pilotu gisa, eta orain Azkoitikoek ere hartuko dute parte, hauskortasuna artatzeko Hurkoaren programa ezartzen hastera baitoaz.

68 urtez gorakoentzat da programa; beren etxean bizi, familiaren laguntzarik ez izan eta hauskortasun egoeran badaude eta beren ongizatea bultzatzeko, autonomia pertsonala sustatzeko, beren beharrak artatzeko eta arrisku, babes-gabezia, tratu-txarrak eta bazterkeria egoerei aurrea hartzeko esku-hartzeren bat behar badute. "Beren beharrak eta baliabideak antolatu eta kudeatzeko mugak dituzten pertsonak dira", azaldu dute Hurkoakoek.

José Luis de la Cuesta Hurkoako presidenteak esan du "askotan medikazio asko hartzen dituzten pertsonak dira, gaixotasun kronikoak dituztenak, hartzen duten medikazioa kudeatzeko laguntza behar dute eta horregatik eskatu genuen Gipuzkoako Sendagaigileen Elkartearen lankidetza eta lehenengo unetik egin zuten bat proiektuarekin".

Prozedura eta esku-hartze farmazeutikoa

Hurkoako profesionalek edo gizarte langileek zehazten dute erabiltzaileak medikazioaren kudeaketarako laguntza farmazeutikoa behar duen ala ez. Ondoren, honek onartu eta sinatu egin behar du esku-hartze farmazeutikorako baimena. Hortik aurrera, gipuzkoar farmazien konpromisoa da farmazialariak borondatez erabakitzea pazientearen etxera joan eta hartzen duen medikazioa aztertuko duela, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkartearen koordinazioarekin eta jarraipenarekin eta beti Hurkoako lagun batek lagunduta..

Farmazialariak etxean egingo duen esku-hartzeak bi arreta-maila ditu eta farmazialariak berak erabakiko du paziente bakoitzari zer arreta-maila eskaini, bere beharrak aztertu ondoren.

Oinarrizko mailan pazientearen medikazioen egoera baloratzen da: botikina aztertuko du, erabiltzaileak etxean dituen botika guztiak, iraungitakoak kenduko ditu, biltegiratzeko baldintzak egokiak direla egiaztatuko du, etab. Gainera, pertsona horrek bere medikazioa ongi ezagutzen duen eta jarraibideak ezagutzen dituen aztertuko du.

Medikazioan okerrak egon daitezkeela ikusiz gero, bigarren mailara igaroko da, hau da, medikazioak sakon aztertuko dira, pazienteak botika bakoitza zertarako den ongi dakiela ziurtatuko da, nola hartu behar den badakiela, etab. Bigarren mailara iritsi den kasu guztietan akatsak aurkitu dira, esaterako, tratamendua ez egitea eta beste egoera batzuk, eta farmazialariak parte hartu behar izan du egoera konpontzeko.

Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko presidenteak, Ángel Garayk, azpimarratu du "farmazialariak orain arte inoiz ez gara etxeetara joan, zerbitzuak eskaintzera. Ez genekien erantzuna nolakoa izango zen eta oso positiboa izan da. Kasu guztietan joan da farmazialaria eta farmazietatik jaso dugun feed-backa oso positiboa izan da". Garay gustura dago “farmaziak Hurkoaren zehar-proiektu honen zati garelako orain”.