“Errealitate ikusezina: Hauskortasun-egoeran dauden adineko pertsonak. Konpainia eta tratu txarren prebentzioa” jardunaldiaren inaugurazioan José Luis de la Cuestak (Hurkoako presidentea eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendaria), Markel Olanok (Gipuzkoako diputatu nagusia), Beatriz Artolazabalek (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua), Iñaki Subijanak (Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidentea) eta José Ignazio Munillak (Gipuzkoako gotzaina) hartu dute parte. Guztiek adierazi dute beharrezko dela zahartzetik eratorritako erronkei modu koordinatuan aurre egitea, zahartze aktiboa sustatuz erakundeen eta gizartearen arteko erantzukizun-ikuspegitik.
Hurkoak Euskadiko hauskortasunari buruzko ikerketa bat aurkeztu du gaur goizean Donostian. Egoera horrek mendekotasunaren edo desgaitasunaren aurreko egoeran dauden pertsona askori eragiten die, eta pertsona horiek konpainia eta laguntza behar dute. Pertsona horiek bizi duen errealitate “ikusezinak” tratu txarrak edo desegokiak eragin ditzake. Horregatik, Hurkoak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak jardunaldi bat antolatu dute hauskortasun-egoeran dauden pertsonen orainaldiaren eta etorkizunaren inguruan eztabaidatzeko eta pertsona horiekiko tratu txarrak prebenitzeko balio dezaketen tresna juridiko berriak aztertzeko
Sare sozialen garrantzia izan da Hurkoak jardunaldi horretan aurkeztu duen hauskortasun-txostenaren alderdi garrantzitsuenetako bat. “Hauskortasun-egoeran dauden adineko pertsonak” izeneko mahai biribila antolatu dute, eta Rakel San Sebastianek (Adinberriko zuzendaria), José Luis Marañónek eta Bakarne Etxeberriak (Hurkoa) hartu dute parte.
Hurkoak Eusko Jaurlaritzaren, Caritasen, Obra Social La Caixaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin burutu duen ikerketaren lerro nagusiak aurkeztu ditu Marañónek. Ikerketak erantzuna ematen dio “noiz dago pertsona bat hauskortasun-egoeran?” galderari, eta hainbat iradokizun ematen ditu pertsona horiek behar duten laguntza eskaintzeko gauzatu behar diren jarduketen inguruan. Marañónek adierazi du “hauskortasuna aldakorra dela, pertsona bakoitzaren inguruabarren araberakoa, eta adinak, osasun-egoerak, baliabideek, zerbitzuek, egoera legal eta administratiboak, bizilekuak, harreman-sareak eta familiak eragina izan dezaketela”.
Alde horretatik, Hurkoa Irun, Azkoitia eta Pasaia bezalako udalerrietan egiten ari den lana azaldu du Bakarne Etxeberriak. Lan horren helburua hauskortasun-egoeran dauden adineko pertsonen ehunekoa antzeman eta identifikatzea da.
Hurkoaren ikerketaren arabera, pertsona hauskorraren profila bat dator emakumearenarekin, bakarrik edo bikotekidearekin bizi dena, inguruko bizitza sozialean parte hartzen ez duena eta ez duena gizarte- edo familia-sarerik bere eguneroko beharrei erantzuten laguntzeko. Beren bakardade-ikuspegia oso handia da, eta inguruabar horiek pertsona horien ikusezintasuna eragiten dute; gainera, askotan ez dituzte jasotzen gizarte-zerbitzuen laguntzak.
Bestalde, Rakel San Sebastián Adinberriko zuzendariak azpimarratu du Gipuzkoako estrategia-fokua egoera errealen prebentzioan eta identifikazioan kokatzen dela, horiek baitira esku-hartzearen aurreko urratsak. Horretarako ezinbestekoa da eragile guztien arteko lankidetza.
Alderdi juridikoak funtsezkoak dira hauskortasun-egoeran dauden pertsonen babesa eta laguntza jorratzerakoan. Ikuspegi horretatik abiatuta, Iñaki Subijana Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidenteak 7 ideia azpimarratu ditu, justiziaren alorretik hauskortasun-egoeran dauden pertsonek behar duten laguntzari begira neurriak eskaini ditzaketenak, beti haien autonomia pertsonala errespetatuz eta interesak babestuz. Subijanaren arabera, azken helburua pertsona bakoitzari egokitutako jantzi bat jostea da.
Bigarren mahai biribilak “Konpainiarako eta tratu txarren prebentziorako tresna juridikoak” azpimarratu ditu, eta Antonio Manuel Ferrerrek, Som Fundació Catalana Tutelar fundazioaren sail juridikoko arduradunak, hartu du parte. Aurora Elósegui (Donostiako lehen auzialdiko 6. epaitegiko magistratua) eta Valentina Monterok (notarioa) ere parte hartu dute.
Antonio Manuel Ferrerrek laguntzaren figura azaldu du, Kataluniako kode zibilean agertzen dena eta pertsonen beharrei erantzuteko eta pertsona horiei laguntzeko helburua duena, erabateko ezintasunarekin bat etorri gabe. Figura horrek laguntza eman dezake testuinguru pertsonalean edo ondarearen testuinguruan, laguntza jasotzen duen pertsonaren borondatea betetzen baita.
Aurora Elósegui Donostiako lehen auzialdiko 6. epaitegiko magistratuak egungo legediaren malgutasunaren garrantzia azpimarratu du laguntza behar duten pertsonek behar dituzten neurri eta erabakiak hartzerakoan. Gaur egun ditugun tresnak praktikara eraman daitezke eta irismen desberdinetako laguntza eta babesa eskaintzeko balio dute, pertsonaren interesen alde beti .
Valentina Monterok azaldu du notariotza batean bizi den errealitatea bestelakoa dela, baina adierazi du badagoela gaitasun legala egoera ugariri erantzuteko eta etorkizuneko inguruabarrak ordenatzeko.
Jardunaldiaren amaieran, Maite Peña Gizarte Politiken foru-diputatuak pertsonen zahartzetik eratorritako testuinguru berriari eta gizarte- edo familia-ereduaren aldaketari aurre egiteak dakartzan erronken dimentsioa nabarmendu du. Erronka horri aurre egiteko, adierazi du ezinbestekoa dela ikuspegi integral eta globalagoa izatea, eta, horrekin batera, mendekotasunak ahalik eta motelen egitea aurrera.