Skip to main content
Imagen
arreta
19, October 9

Hurkoa arreta pertsonalizatuago baterantz

Hurkoaren eguneko zentroa hainbat hobekuntza ezartzen ari da, bai espazioei dagokienez, bai antolakuntzari dagokionez. Ingurumenari dagokionez, hainbat egoitzatan aldaketak egiten ari dira, atseginagoak, estimulatzaileagoak, erosoagoak eta pertsonalizatuagoak izan daitezen: dekorazioak antz handiagoa dauka etxeko egongelarekin; sukalondo goxoagoa duen jangela; zurezko zoruak, piano bat... eta hori guztia, erabiltzaileen argazki eta haiek egindako lanekin. 

Nuestra Señora de las Mercedes eguneko zentroa aurrera egiten ari da, arian-arian, Pertsona Ardatz hartzen duen Arreta Integraleko eredua ezartzen. Horretarako, Hurkoako profesionalak beren buruak prestatzen ari dira eta aldi berean, erabiltzaileak, horien familiartekoak, boluntarioak... sentsibilizatzen. Arreta-eredu horren arrakastak guztion esku-hartzea eskatzen du egin beharreko aldaketak egingo badira.

Antolakuntza-mailan, zentroaren zuzendari Nieves Saizek azaldutakoaren arabera: “Gure prozedurak aldatzen ari gara. Arretaren eta ordutegien inguruko malgutasuna azpimarratzen ari gara (bisitak, otorduak); intimitatea, autonomia, konfidentzialtasuna, gustuak, beharrizanak aukeratzen ematea, erabiltzaile bakoitzaren gaitasunei eta lehentasunei adi egotea. Langileak solairuka daude banaturik, ez dira txandakatzen, hartara erabiltzaileekiko harreman eta enpatia handiagoa dituzte”.

Zentroaren arduradunak adierazitakoaren arabera, “erabiltzaileak eta horien familiartekoak hasieratik beretik ‘etxean bezala’ sentitzea da gure nahia”.

Pertsona bat zentrora iristen denean, horren Banakako Arreta Plana lantzen da, pertsona horren hainbat alderdi kontuan hartuta: gustuak, sinesmenak, kutunen duen musika, haren gaitasunen arabera baloratutako jarduerak, higiene-ohiturak, elikadura-ohiturak eta pertsonaren oinarrizko zainketak eta erizaintzakoak, baita antzemandako arriskuak eta horien inguruko jarraibideak ere. Plana malgua da eta erabiltzailearekin berarekin, ahal denean, eta horren familiartekoekin adostuta dago. Nieves Saizek dio “familia beti dago presente erabakiak hartzen direnean, harekin batera egiten da lan, eta familiartekoaren zaintzan lagun egiten zaio”. 

Alde onak

Pertsona Ardatz hartzen duen Arreta Integraleko eredua ezarri izana lagungarri gertatzen ari da giro atsegina, beroa eta konfiantzazkoa sortzeko; egoera horretan, erabiltzailea, besteek entzun egiten diotela, baloratu egiten dutela, eta berak pentsatzen duena adieraz dezakeela konturatzen da; gustura egon daiteke, eta bere bizi-estiloa errespetatzen da. “Gure helburua –Nieves Saizen hitzetan– erabiltzaileak motibaturik eta ilusionaturik sentitzea da, pozik etor daitezela eta parte hartzeko gogoarekin, eta haien etxeetara bueltatzen direnean, oraindik eta alaiago joan daitezela, zer kontatu ugarirekin eta hurrengo egunean itzultzeko motibaturik”. 

Ildo horretan, hauxe dio: “erabiltzailea pozik badago eta ondo sentitzen bada, motibazio handiagorekin hartzen du parte beren zainketan, eta ez soilik gustukoak dituen ekintzetan, baita pertsonaren autonomia fisikoa, emozionala, kognitiboa, harremanetakoa, irudiarena... sustatzen diren haietan ere. Zentroko profesionalengan konfiantza dauka. Gehiago zaintzen eta maitatzen du bere burua, eta autoestimu handiagoa dauka”. Orain arteko lana autonomia handiena eta arazo kognitibo arinenak dituzten pertsonekin egin da batez ere. Mendekotasun handiena eta desoreka kognitibo larriena duten erabiltzaileengana hurbiltzea da hurrengo erronka. “Horrek –Nieves Saizen hitzetan– hurbiltasun handiago, komunikazio gehiago eta familiartekoekin inplikazio handiago eskatuko ditu”.