Skip to main content
Imagen
David Mayor Estatuko Fiskaltza Nagusiko Desgaitasuna duten Pertsonen eta Adinekoen Unitateko fiskala
24, October 22

David Mayor. Estatuko Fiskaltza Nagusiko Desgaitasunaren eta Adinekoen Unitateko fiskala

“Desgaitasun-egoeretan, hau da laguntzarik onena: interesatuarekin batera prestatzen dena”

Zuzenbidean lizentziaduna da David Mayor Fernández, eta Funtsezko Eskubideetan graduondokoa. Oviedon jaio zen, 1978an, eta 2006an ekin zion fiskal-lanari. 2020ra arte, Gipuzkoako Fiskaltzan jardun zen, non Desgaitasunaren eta Adinekoen saileko koordinatzailea izan baitzen, besteak beste. 2022ko urriaz geroztik, berriz, Estatuko Fiskaltza Nagusiko Desgaitasunaren eta Adinekoen Unitateko fiskala da.

Zer balantze orokor egiten duzu desgaitasuna duten pertsonak direla eta Espainian 2021ean egindako lege-erreformaz?

Gure ordenamendua desgaitasuna duten pertsonen eskubideen gaineko Nazio Batuen Konbentzioaren printzipio eta aginduetara egokitzeko urrats erabakigarria izan da 8/2021 Legea — gaitasun juridikoaren jarduera sustatzeko laguntzei buruzkoa— onartu eta indarrean sartu izana. Bestalde, desgaitasuna dela eta 2021-2023 hirurtekoan onartutako beste araudi-erreforma batzuekin batera balioetsi behar da, besteak beste, 6/2022 Legea, irisgarritasun kognitiborako eskubidea bermatzen duena; uztailaren 12ko 15/2022 Legea, tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzkoa, zeinak zuzeneko diskriminaziotzat jotzen baitu desgaitasuna duten pertsonek behar dituzten zentzuzko doikuntzak ukatzea, eta, azkenik, maiatzaren 8ko 11/2023 Legea, zenbait produktu eta zerbitzuetarako irisgarritasunari buruzkoa. Araudiari dagokionez, berriz, hor dugu 888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedura berria ezartzen duena.

Araudiari dagokionez, ezin positiboagoa da balantzea: nabarmen aldatu da, izan ere, botere publikoek eta gizarteak desgaitasunarekiko duten ikuspegia. Hauek ditugu sistema berriaren funtsezko elementuak: desgaitasuna duten pertsonen aniztasun funtzionalaren aitorpena eta harekiko errespetua; pertsona horien erabateko inklusioa, eskubide-berdintasunaren bermeari esker; diskriminazio-mota ororen debekua, eta desgaitasuna dutenei abusu- edo hauskortasun-egoeren aurka ematen zaien babesa. Autonomia pertsonala eta bizimodu independentea izateko eskubidea dira sistemaren euskarriak. Desgaitasuna duten pertsonen hiru eskubide espezifiko dituzte oinarri lege-erreforma horiek guztiek: irisgarritasun unibertsala, zentzuzko doikuntzak eta laguntzak.

Eragile juridikoei ere pentsaera-aldaketa dakarkie erreformaren sakontasunak. Izan ere, ikuspegi berri horrek berekin ekarri behar ditu lan-metodologia berriak —laguntza ematen duten administrazioen eta justizia-administrazioaren arteko lankidetza eta diziplinarteko ikuspuntua barne direla—, denbora gehiago eskatzen dutenak, eta kasu bakoitza arreta handiagoz artatzea. Seguru aski, orain arte erabili izan diren baliabide pertsonalak eta materialak ez dira aski metodologia berriak egokiro garatzeko.

Badirudi oihartzun zabalagoa dutela zailtasunek alderdi positiboek baino, oraingoz behintzat. Zer aldetara makurtzen da balantza?

Legearen izaera eraldatzaile sakona dute sorburu nagusi zailtasunek, eta vacatio legis, deritzoneko epe laburregia, ez baitzen aski izan profesionalak behar bezala prestatzeko legea indarrean sartu aurretik. Hiru urteotako esperientziak erakutsi digunez, horrelako lege-erreforma esanguratsuek trantsizio-epe luzeagoak behar dituzte, bai eta aurrez diseinatutako eta progresiboki aplikatzeko plan integralak ere, administrazio guztiekin koordinatuak.

Ahalegin eskerga egin dute fiskaltzak eta epaitegiek —ia inoren laguntzarik gabe, eta baliabide gutxirekin— profesionalen eta herritarren artean legeria berria hedatzeko. Eskertzekoa litzateke, bestalde, gizarte-zerbitzuen alorrean eskumenak dituzten administrazioek familiei laguntzeko ibilbideak antolatzea, justizia-administrazioarekin elkarlanean, antzinako zaintza-sistematik egungo bitarteko berrietara aldatzeko. Eta garaiz gabiltza hori lortzeko.

Komenigarria litzateke, halaber, administrazio publiko guztiek aitortzea —ohiko izapide eta kudeaketa guztietan— familiek egitatezko zaintzaile gisa egiten duten lana. Eta funtsezkoa da boluntarioen laguntza-modu berrien berri zabaltzea, hurrengo belaunaldiak honetaz jabetu daitezen: desgaitasun-egoeran dagoenari eman dakiekeen laguntzarik onena interesatuak berak diseinatzen duena dela, hobeto bermatzen baitu autonomia pertsonala.

Zein dira erreforma hori aplikatzeko aurkitu dituzuen oztopo nagusiak?

Alde batetik, pertsona bakoitzaren laguntza-beharra baloratzeko eta kasu bakoitzerako laguntza-profila eta plan indibidualizatua zehazteko diziplinarteko prozedura berriaren aplikazioa. Lege-eredu berriaz baliatuta koordinatu dira erakunde publikoko gizarte- eta osasun-zerbitzuak fiskaltzarekin eta justizia-administrazioarekin, baina alor horietako bakoitzerako profesionalen eginkizunak eta funtzioak sendotzeko behar zen administrazio arloko erregelamenduzko garapenik gabe.

Bestalde, legearen aplikazioko lehen uneetan zailtasun nagusiak alor honetan izan ziren: lehengo zaintza-eredutik egitatezko zaintza berrirako trantsizioan. Erritmo biziagoa izan dute lege berriaren bultzadak eta fiskaltza zein epaitegien jarduerak administrazioaren eta gizartearen egokitzapenak baino; hori dela eta, kasu batzuetan egitatezko zaintzak ez du behar adinako aitorpenik jaso —hasieran— trafiko juridikoan.

Azkenik, antzinako prozedura guztiak hiru urteko epe mugatuan berrikusteko eta lege berrira egokitzeko agindu legalak lanez gainezka jarri ditu lan-karga handieneko epaitegiak, eta luzatu egin beharko da trantsizio-epe hori, prozedura guztiak egokiro eta osorik berrikusteko.

Zer ari da egiten administrazioa oztopo horiek kentzeko eta gainditzeko?

Desgaitasunaren eta Adinekoen Unitatearen bitartez, oztopo horiei aurre egiteko zenbait ekimen bultzatu ditu fiskaltzak —aretoko fiskal María José Segarra buru duela, eta BJKNekin elkarlanean—, lantaldeez eta koordinazio-bilerez baliatuta, zeinen bidez jarduteko arauak eman baitira eta jardunbide egokiak sortu legeria berria aplikatzeko. Bestalde, jarduera eta lan-ildo ugari bultzatu ditu fiskaltzak gizarte-zerbitzuekiko eta lurralde bakoitzeko administrazioekiko koordinazioa hobetzeko, eta osatu egin du Desgaitasunaren eta Adinekoen alorreko lurralde-ordezkarien sarea.

Egitatezko zaintza zein kuradoretza berriei eta banku-jardueretarako familiek aurkitzen dituzten oztopoei dagokienez, bereziki, banketxeekiko lankidetza-hitzarmen bat bultzatu du fiskaltzak, arreta komertzialeko ibilbideak sortu eta behar den laguntza ematen lagundu diezaioten egitazteko zaintzaileari eta, hala badagokio, kuradoreari. Lankidetza-eremu horretan bertan, hitzarmen bat ere garatu da banku-bulegoetan ondare-abusuaren edo laguntza gutxiegiaren arriskurik atzeman ezkero behar diren komunikazioak martxan jartzeko.

Zein dira erreforma horrek desgaitasuna duten pertsonei ekarri dizkien alderdi positibo nagusiak?

Zalantzarik gabe, hau da alderdi positibo aipagarriena: euren bizitzaren jabetza itzuli zaie desgaitasuna duten pertsonei, beren prozesu propioetan erabakiak hartzeko eskubidea sustatuz. Argia izan da prozesua, eta printzipio legal gisa ezartzeak eragina izan du bai botere publikoen jardueran, bai funtsezko zerbitzuak eskaintzen dituzten erakunde pribatuen jokabidean, baita herritarren sentsibilitatean eta familia barruko harremanetan ere.

Operadore juridikoei dagokienez, berriz, arauzko agindutzat hedatu du legeria berriak fiskaltza eta epaitegi askotan lehendik ere jardunbide profesional egokia zen honako hau: pertsona lehenestea, hura entzutea eta aintzat hartzea haren borondatea, nahiak eta lehentasunak —bai behar duen laguntzari, bai hura emateko moduari dagokienez—, eta areagotzea kasu bakoitzaren arreta eta haren jarraipena denborak aurrera egin ahala. Jardunbide horren adibide bat jartzearren, hor dugu Donostiako epaitegiaren buru jardundako Aurora Elóseguirena, zeinari berriki aintzatetsi baitiote egin duen lana.

Ez da arazo erraza, egoera ugari baitaude, eta eragile askok esku hartzen baitute. Zure ustez, badago iristerik —arrazoizko epe batean— eragile guztiek partekatzen duten funtzionamendu arin batera lege berriaren aplikazioari dagokionez?

Lege berriaren aplikazio erabatekoa eta eraginkorra lortzeko, baliabide pertsonal eta material gehiago jarri behar dituzte administrazio publiko eskudunek. Arlo judizialean, aztertu behar da egungo egiturek jasango ote duten kasuen etorkizuneko jarraipenak eta ondorengo berrikuspenek eskatuko duten jarduera-bolumena, desgaitasuna duten pertsonak parte-hartzaile aktibo direla eta legeria berriaren aginduei jarraikiz. 8/2021 Legearen aurreko prozedurak berrikusteak zenbait barruti judizialetan sortu duen espediente-pilaketa ikusirik, badirudi egungo baliabide judizialak ez direla nahiko izango, lurralde batzuetan behintzat.

Eta arazoa ez da —bakarrik— epaile- eta fiskal-eskasia: auzitegi-psikologian eta -psikiatrian ere jende gehiago behar da. Kasuen gizarte-baloraziorako, berriz, baliabide gehiago behar dira (gizarte-laneko profesional gehiago unitate fiskal eta judizialetan); alor horretan gizarte- eta osasun-zerbitzuek dituzten funtzioak erregulatu egin behar dira, eta justizia-administrazioarekin koordinatu.

Zer behar da hori lortzeko?

Administrazio publikoek euren lurralde-maila guztietan ekin behar diete gai horiei, elkarrekin koordinatuta eta justizia-administrazioarekin batera. Komenigarria litzateke laguntzen inguruko plan integral bat prestatzea —gizarte-, osasun- eta laguntza-arloetan—, erakunde guztien artean —toki-erakundeak, autonomia-erkidegoak, administrazio zentraleko organoak—, Espainiako Estatu osoan, indarrik alferrik ez galtzearren eta ahalik eta ekimen gehienak biltzearren. Plan horren helburua: neurri arautzaileak hobetzea, administrazioaren jarduketa-programak eta haien finantzaketa barne direla, betiere arreta berezia eskainiz laguntza- eta babes-behar berezienak dituztenei; besteak beste, adinean oso aurrera doazenei eta osasun mentaleko arazoak dituztenei.

Zer deritze Estatuko Fiskaltza Nagusiak desgaitasuna dutenei laguntzen dieten pertsona eta erakundeen eskariei?

Oso lagungarri zaizkio fiskaltzari laguntza-erakundeen esperientzia eta ekarpenak, bai eta haiekin lan egiten duten profesional eta boluntarioenak ere. Alde batetik, euren familiaren behar besteko laguntzarik eta babesik jasotzen ez duten desgaitasuna duten pertsonen egoera eta beharren berri ematen digute. Bereziki aipatzekoa da —eta oso kezkagarria— adinean oso aurrera egin duten eta nahi gabeko bakardadea jasaten duten zenbait pertsonaren hauskortasun-egoeren ugaltzea. Bestetik, desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzaren egungo eta geroko erronken inguruko balorazio zehatza eta progresiboa egiten digute. Iritzi txit kualifikatutzat hartzen dira pertsona eta erakunde horien kezkak eta jarduera-, baliabide- eta aldaketa-eskariak, bai teoriari, bai praktikari dagokienez. Gainera, beti izan dira aitzindariak laguntzen dituzten adinekoen eta desgaitasuna dutenen eskubideak aldarrikatzen.

Prozesu horretan, zenbateko garrantzia du Hurkoaren eta antzeko erakundeen jarduerak, kontuan izanik esperientzia luzea dutela?

Laguntza-sistemarentzat Hurkoa eta antzeko erakundeak funtsezkoak dira; esperientzia zabala dute, eta sistemaren euskarri nagusietako bat dira, laguntza- eta justizia-administrazioekin batera, beste inoren laguntza iristen ez den eremuetara iristen baita haiena. Botere juridikoari laguntzen dion administrazio arteko lankidetza-eredu horren ardatza, Gipuzkoan, Hurkoa da, besteak beste. Erakunde horien ekarpen eskergarik gabe ezingo zatekeen lortu arrakasta sozial eta kolektibo hori.

Legeak ez du inolaz ere ezartzen zer kudeaketa-eredu erabili behar duten administrazio publikoek, baina esperientziak dioskunez, irabazi-asmorik gabeko erakundeekiko lankidetzak zera profesional eta espezializatu bat ematen dio laguntza-beharren profil bakoitzari, eta nekez lortuko genituzkeen egungo arreta- eta ardura-mailak baldin eta administrazioa bakarrik arduratu izan balitz zeregin horretaz.

Zein dira desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzen jarraitzeko eman behar diren hurrengo pausoak edo erronkarik hurbilenak?

Laguntzak jasotzeko eskubidea funtsezkoa da pertsonaren gainerako eskubideen eraginkortasuna eta haien duintasuna bermatzeko. New Yorkeko Konbentzioak eta, orain, 8/2021 Legeak aldarrikatzen dute eskubide hori.

Laguntzen lege-egitura hori dela eta, nahitaez ekin behar zaio gizartearen bermea ziurtatzeari, hura bermatzen duen prestazio publiko baten bidez, mendekotasun-sistemako prestazioen barruan. Horretarako, lehendik martxan diren beste prestazio batzukin bateratu egin behar dira; besteak beste, autonomia pertsonala eta laguntza pertsonala sustatzen dutenekiko.

Zerbitzu-zorroetan prestazio-eskubide gisa aitortuz gero botere juridikoaren aldeko laguntzak —finantzaketa publikoari, koordainketari eta abarri dagozkien baldintzak tarteko direla—, egonkortasuna eta planifikazio egokia emango zaio lehendik ere erakunde publikoarekin elkarlanean diharduten erakundeentzako baliabide- eta bitarteko-hornidurari, eta bermatu egingo da alor horretan nahitaezkoak diren berdintasuna eta justizia soziala.