Skip to main content
Imagen
Azkoitia
20, Urtarrila 28

Azkoitiko 65 urtetik gorako pertsonek positiboki baloratu dute euren bizi-kalitatea

Ikei aholkularitzaren eskutik egindako azterlanaren ondorioak gaur aurkeztu dira udaletxean emandako prentsaurrean. Bertan egon dira udaleko Ongizate zinegotzi Janire Igoa, Hurkoako hauskortasun programaren koordinatzailea den Bakarne Etxeberria eta Adinberri Fundazioaren zuzendari-gerentea, Rakel San Sebastian.

 Hurkoak Udalarekin eta Adinberri Fundazioarekin elkarlanean egindako azterlanaren helburua izan da 65 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutzea hainbat alderditan erreparatuz, hala nola, osasuna, eguneroko jardueretarako dituzten mugak, harreman sozialak eta parte-hartzea, ongizate emozionala, etxebizitzaren egoera, errealitate ekonomikoa eta gizarte zerbitzuen ezagutza. 65 urtetik gorako 211 inkestetatik eratorritako emaitzak biltzen ditu azterlanak. Inkesta egin duten 211 lagunetatik 122 bakarrik bizi dira eta 89 lagunduta.

Erroldako eta Eustaten datuen arabera, Azkoitian 65 urtetik gorako 2.200 gizon emakume baino gehiago daude. Talde horrek %20,59ko dependentzia tasa du, Gipuzkoako batezbestekoa baino altuagoa, lurraldekoa %14,42koa baita.

Hurkoaren azterketaren arabera, Azkoitiko adin nagusiko pertsonek osasun onaz gozatzen dute. 0tik 10erako eskalan, bakarrik bizi direnen artean puntuaketa 7,3koa da eta 7koa beste norbaitekin bizi direnen artean. 

Bakarrik bizi direnen %20 eta lagunduta bizi direnen %13,5 ospitalizatuta egon dira azken urtean. %9ak dio azken urtean erorketa batzuk izan dituztela eta zailtasunak altxatzeko. 

Bakarrik bizi den %9ak eta beste norbaitekin bizi den %10ak esan du euren osasun egoerak ez dietela kalera ateratzen uzten. Halaber, bakarrik daudenen %2,5ak bere osasun egoera txartzat edo oso txartzat dauka. Azken portzentaia hau bakarrik bizi ez direnen artean %9koa da.

Aldiz, galdeketa bete duten pertsonen %82ak dio eguneroko jarduera edo lanak egiteko duen gaitasuna ona edo oso ona dela. Bakarrik bizi direnen %0,8ak soilik uste du bere gaitasuna ahula edo oso ahula dela. 

Bakarrik bizi direnen artean %10ak azpimarratu du zailtasunak dituela gestio ekonomikoak edo legalak burutzeko eta %36ak, etxeko lanetarako.

Harremanei dagokienez, azterlanak ondorioztatu du hamarretik bederatzik harremana duela hurbileko familiarekin. %84ak adierazi du seme alabekin, anai arrebekin edo bilobekin eguneroko harremana duela. Aldiz, %7ak ez du erlaziorik edo ez dauka gertuko senitartekorik.

Ikerketak argitzen duen beste datu bat da bakarrik bizi diren pertsonen %89a egunero ateratzen dela etxetik enkarguak egitera, erosketetara, bankura edo farmaziara joateko... egunero edo astean hainbat aldiz burutzen dituzten aktibitateak dira. 

Bakarrik bizi diren ia gizon eta emakume guztiak ateratzen dira paseatzera egunero, bikotean bizi direnen %84arekin alderatuz.

65 urtetik gora dituen eta bakarrik bizi den bitik batek sentitzen du bakardadea (%55,8). Zehazki, %20ak adierazi du azken urtean bakardadea sarri antzeman duela eta %36ak noiz edo noiz. Bakardadearen pertzepzioa askoz ere baxuagoa da beste norbaitekin bizi direnen artean. Tristura sentipena bakardade sentipenaren antzerakoa da kopuruari erreparatuta. Bakarrik bizi direnen %20ak dio triste sarri egoten dela eta %35ak, tarteka.

0tik 10erako eskalan, duten bizi kalitatea oso txarretik oso onera baloratzerakoan, 7,52ko puntuaketa ematen dute batezbeste bakarrik bizi direnek eta 7,41ekoa, lagunduta bizi direnek.

Bestalde, galdetegia bete duten gehiengoak Azkoitiko Gizarte Zerbitzuen inguruan duen informazioa nahikoa zabala da. Bakarrik daudenen %77ak eta lagunduta bizi direnen %66ak dio ezagutzen dituela udalaren Gizarte Zerbitzuak. Alabaina, ezezagunak dira %22arentzat bakarkako kasuan eta beste norbaitekin bizi den %31rentzat.

Bakarrik bizi direnen artean, hirutik bat interesatuta legoke oinarrizko lanak egiteko laguntza edo babesa balu.

Galdetegia bete dutenen erdiek baino gehiagok diote bizi diren eraikineko irisgarritasuna ez dela egokia eta ekonomikoki, bakarrik bizi direnen %20ak eta norbaitekin bizi direnen %8,2ak azaldu du azken urtean zailtasunak izan dituztela gastu orokorrei aurre egiteko.

Erronka berriak 

Hauskortasun egoeran dauden pertsonen errealitatea ezagutzeko azterlana egin ostean, Hurkoak, Adinberriren babesarekin, Hauskor proiektua jarriko du aurten martxan, diagnostikoan jasotako hainbat beharri erantzuna emateko. Horretarako, Hurkoak bere hauskortasunaren arreta eredua hainbat udalerritan ezartzeko asmoa du esperientzia pilotu gisa. 

Hauskortasun programaren helburu orokorra da dependentzia eta isolamendu arrisku egoerak antzeman eta esku hartzea, hauskortasun testuinguruan dauden adin nagusiko pertsonak babestuz, baliabide sozial eta komunitarioak bideratuz. Zentzu horretan, proiektuak aurreikusten du kolaboraziorako eragile sare bat sustatzea, udaletako gizarte zerbitzuekin eta inguruko beste eragile batzuekin lan egiteko, hala nola, farmaziak, komertzioak, elkarteak, e.a.

 

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat