Hurkoak pintura-lantegi bat antolatu zuen buru-gaixotasunak dituzten eta Fundazioaren tutoretzapean dauden pertsonen gaitasunak eta sormena garatzeko, eta lantegi hartatik eratorria da Cada ver es exquisito erakusketa.Lehen lantegi hura hain ondo atera zela ikusita, beste bat egitea erabaki genuen, Agifes Gipuzkoako Famili eta Eri Psikikoen Elkartearen laguntzarekin.
Lau hilabetez, hogei bat ikaslek eskolak jaso zituzten; bitarte horretan, hainbat margolan egin zituzten, teknika, euskarri, ehun eta material askotarikoak erabilita.Hain zuzen, hilotz bikaina (frantsesez, cadavre exquis) esaten zaion teknika erabili zuten, batez ere, eta teknika horren izena ipini zioten lantegiari berari.Teknika hori joko baten gisakoa da: zenbait pertsonak konposizio bat marrazten edo margotzen dute, sekuentzia bat osatuz.Hala, baten batek koadroa hasten du; gero, beste batek jarraitzen dio; horrela, bata bestearen atzetik, amaitu arte; eta, azkenean, zenbait lagunek osatutako lan komun bat gelditzen da (gure kasuan, zortzi sortzailek osatutako lanak ere badira).Horrela, bada, hilotz bikaina teknikak talde sortzailearen errealitate inkontzientea azalarazten du.
Koadroak sortzeko aukeratutako gaia librea izan da, egileei nahieran ibiltzen uzteko, eta, eskolen oinarrian, beti egon da art brut kontzeptua.Artearen mundukoa ez den eta prestakuntza akademikorik ez duen jendeak sortutako arteari esaten zaio art brut.
Lantegi horietan, dozena bat margolan sortu dituzte ikasleek, eta emaitza harrigarria izan da; horregatik, eskubide osoz merezi dute erakusketa batean parte hartzea.Ekimen honekin, Hurkoak balioa eman nahi dio lantegietan parte hartu duten pertsona horiek egindako ahaleginari; era berean, bizia eman nahi die margolanei, lan horiek besteei erakutsiz. Fundazioaren ustez, besteen aintzatespena lortzeak, maiz, lagundu egiten du mugak, beldurrak eta zailtasunak gainditzen, eta hori erdiespen ederra da artista horientzat.
Horrela, lantegiko sorkuntza eta lana ez dira aisialdiko jarduera hutsean geldituko; alderantziz, jarraipena izango dute, eta, beste batzuek margolan horiek ikustean, bestela adierazita geldituko ez liratekeen sentimenduak agerian geldituko dira.
Datak, ordutegia eta inaugurazioa
Urriko lehen astean zabalduko dugu erakusketa, jendaurrean eta dohainik, Kutxaren Donostiako Andia kaleko Ekitaldi Aretoan. Ordutegia hauxe izango da: 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, urriaren 1ean, 3an, 4an eta 5ean.
Inaugurazio ofizialaren ekitaldia hilaren baterako dago iragarrita, arratsaldeko seietan; han izango dira margolanen egileetako batzuk, lantegien antolatzaileak eta ekimen honetan lagundu duten Hurkoako, Agifesko eta Kutxa Fundazioko ordezkariak.Aurkezpenean, Eduardo Chillida Belzunce gipuzkoar margolariak koadroez zer ikuspegi duen azalduko du, baita margolaritzari buruzko beste zenbait kontu interesgarri aipatuko ere.
Azkenik, Maria Jesús Sesma antolatzaileak eta Juanjo Llorente eta Abel Barcenilla irakasleek aipamen berezia jasoko dute, lantegien arima eta zinezko dinamizatzaileak izan baitira.Haien lan eskuzabalagatik izan ez balitz, ezinezkoa izango zatekeen artearen maitaleak horrelako bilduma berezi batez gozaraztea.
Hurkoa
Hurkoa tutoretza-fundazio bat da, eta duela 20 urte sortu zuen Donostiako Elizbarrutiko Caritasek, Gipuzkoan ahultasun-, mendetasun- edo babesgabetasun-egoeran dauden eta buru-gaixotasunak dituzten pertsonei eta/edo adinekoei arreta eta tutoretza emateko, eta pertsona horiek defendatzeko.
Hori helburu gisa hartuta, pertsonen defentsa judiziala eta tutoretza-defentsa sustatzen eta bere gain hartzen ditu (pertsonek hala behar dutenean), eta gizarte- eta familia-laguntzarik ez duten pertsonak lehenesten ditu. Halaber, mendetasuna duten pertsonei eta haien zaintzaileei arreta ematen die Eguneko Zentroan; halako egoeren eragina jasaten duten familiei aholkularitza, laguntza eta orientazioa ematen die; eta programak sortzen eta gauzatzen ditu, babesgabetasun-egoerak prebenitzea xede.
Hurkoak diziplina arteko taldeetan antolatzen ditu bere langileak eta boluntarioak, eta lankidetzan dihardu bere misioa betetzeko laguntza ematen duten erakundeekin. Gizartea informatzen eta sentikortzen du, eta tratu txarrei, abandonatzeari eta babesgabetasunari loturiko arazoez arduratzen da. Era berean, mendetasuna duten pertsonen gaitasunak sustatzen ditu, eta haien duintasuna defendatzen du.Horrekin guztiarekin, gizarte-berrikuntzan erreferente izan nahi du, mendetasuna eta/edo ahalmen-urritasun duten pertsonei tutoretza eta arreta emateko eta pertsona horiek defendatzeko arloan eta, horretarako, laguntza eman nahi du Gipuzkoan inor ez dadin gera arreta egokia jaso gabe.