Skip to main content
Imagen
hauskortasuna
20, Martxoa 5

Hurkoaren kalkuluen arabera, Gipuzkoan ia 5.000 dira hauskortasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako pertsonak

Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen hauskortasunari buruzko azterketa bat egin du.

Hurkoaren kalkuluen arabera, Gipuzkoan ia 5.000 dira hauskortasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako pertsonak

  • Diagnostiko honetan parte hartu duten pertsonek 7,3 punturekin baloratu dute euren bizi-kalitatea.

Hurkoak hauskortasunaren prebalentziari buruzko azterketa bat egin du Gipuzkoan bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen artean.  Azterketak Adinberriren babesa jaso du. Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako biztanleen benetako egoera ezagutzea, arreta-baliabideei buruz duten ezagutza aztertzea eta haien etorkizuneko premiak aurreratzea da azterketaren helburua. Hori oso garrantzitsua da etengabeko zahartzearen testuinguruan: Gipuzkoako biztanleen % 22k 65 urte baino gehiago ditu eta % 11k 75 baino gehiago. 

Egindako azterketak, oro har, egoera positiboa adierazten du baina, hala ere, adineko pertsona asko hauskortasun-egoeran egotera daramatzan prozesua geldiarazteko edo atzeratzeko hainbat alderditan lan egin behar da. 

Diagnostiko honetan parte hartu duten pertsonek diote bizi-kalitate ona dutela, 7,3ko batez besteko puntuazioarekin 10eko eskalan. Inkesta 365 pertsonako laginarekin egin da: % 79 emakumeak eta % 21 gizonezkoak. Adin-tarteen arabera, galdeketa egindako pertsonen % 12 65 eta 69 urteko tartean dago eta % 22 70 eta 74 urteko tartean. % 17 75 eta 79 urteko tartean dago, % 33 80 eta 85 urteko tartean, % 14 86 eta 91ko tartean eta gainerako % 2k 92 urte edo gehiago ditu. 

Horretarako, bakarrik bizi diren adineko pertsonen 7 hauskortasun-faktore aztertu dira: osasuna, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna, gizarte-laguntzako sarea, ongizate emozionala, parte-hartze soziala eta komunitarioa, ongizate materiala eta etxebizitza-premia. 7 arrisku-faktore horiek 4 hauskortasun-maila ezartzeko aukera ematen duten 32 adierazletan zehazten dira.

Gipuzkoan pertsona bakarreko familia osatzen duten 65 urtetik gorako 35.300ko pertsonen zifra erreferentziatzat hartuta, hauskortasun moderatuko egoeran -6 eta 10 hauskortasun-adierazle artean- 4.255 pertsona inguru daudela esan liteke eta 484 pertsona larritzat jotzen den hauskortasun-egoeran daudela, ezarritako 32 adierazleetatik 11 eta 14 artean dituztelako. 

7 hauskortasun-faktore

  • Osasuna

Ehuneko handi batek uste du osasun-egoera ona duela, 6,3 puntuko batez besteko balorazioarekin. % 5ek, ordea, txartzat edo oso txartzat jotzen du bere osasun-egoera.  Gainera, bakarrik bizi diren pertsonen % 10ek aitortzen du beren kasa moldatzea galarazten dieten osasun-arazoak dituela eta % 9 inguruk adierazten du ezin duela kalera irten. Bakarrik bizi diren adinekoen artean % 7k dio astean 2 egun baino gehiagotan ez duela otordu berorik jaten.

  • Eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna

Bakarrik bizi diren pertsonen % 73k uste du eguneroko bizitzako ohiko jarduerak eta lanak egiteko duten gaitasuna ona edo oso ona dela eta % 5,5ek uste du bere gaitasuna txarra edo oso txarra dela. Eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak egiteko gaitasun-falta handitu egiten da 85 urte edo gehiagoko pertsonen artean. Hala ere, gaitasun mugatu hori gizarte-zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonek adierazten dute kasu gehienetan. 

Emakumeek onartzen dute gaitasun gutxiago dutela lehen lana eta erosketak egiteko gizonezkoekin alderatuta eta gizonezkoek zailtasun gehiago dituzte etxeko lanak egiteko. Inkestak bereziki hauskorra den kolektibo bat identifikatu du, erabakiak hartzeko arazoak dituela onartzen duen % 1,4ri eragiten diona.

  • Harreman pertsonalak

Hauskortasuna adineko pertsonek euren eguneroko jardunean duten gizarte-laguntzako sarerik ez izateari oso lotutako alderdia da. 65 urtetik gorako pertsona gehienek adierazten dute maiz izaten dituztela harreman sozialak, batez ere familia hurbilenarekin. 10 pertsonatatik 8k adierazten dute egunero dutela harremana seme-alabekin, anai-arrebekin edo bilobekin. Baina bakarrik bizi diren pertsonen % 7k adierazten du ez duela harremanik familiarekin edo ez duela familia hurbilik eta % 6k adierazten du ez duela familiaren behar adinako laguntzarik. % 2,5ek, bestalde, ezin du laguntzarik eskatu behar badu ere.

  • Parte-hartze soziala eta komunitarioa

Bakarrik bizi diren adineko pertsonen % 84,5 egunero ateratzen da etxetik. Mandatuak egitea, erosketak egitea, bankura joatea edo farmaziara joatea egunero edo astean hainbat aldiz egiten diren jarduerak dira. Galdeketa egindako pertsonen % 70ek dio egunero joaten dela paseatzera, % 39 egunero joaten da tabernara edo kafetegira eta % 29 astero. 

% 22k bakarrik egiten du kirola eta gutxi dira kirol-, erlijio- edo kultura-ekitaldietara joaten diren pertsonak ere. 

  • Ongizate emozionala

Bakardade- eta tristura-pertzepzioa handi samarra da Gipuzkoan bakarrik bizi diren pertsonen artean. Bi pertsonatatik batek adierazten du bakarrik sentitzen dela une batzuetan, % 17,5ek aitortzen du maiz sentitzen duela bakardadea eta % 21ek tristura. Bakardade-pertzepzio hori txikiagoa da gizonezkoen artean edo gizarte-zerbitzuen erabiltzaile ez direnen artean. 

% 21,5ek adierazten du arazoak dituela edo antsietatea sentitzen duela bankuarekin, aseguruekin edo lege-kontuekin zerikusia duten kudeaketak egitean eta % 2k adierazten du gehiegikeria ekonomikoa edo tratu txar fisikoa edo psikologikoa jasan duela noizbait. 

  • Ongizate materiala

Gipuzkoan pertsona bakarreko familia osatzen duten adineko pertsona guztiek dute beraien etxebizitza eta bakarrik bizi diren adineko 10 pertsonatatik 8k adierazten dute ez dutela arazorik alokairuaren, argindarraren, gasaren, janariaren, arroparen eta abarren gastu orokorrei aurre egiteko… Hala ere, % 2k adierazten du azken urtean arazo ugari izan duela gastu orokorrei aurre egiteko eta % 10k dio arazoren bat edo beste izan duela.  % 14k, bestalde, berogailurik ez duela adierazten du eta % 3k, baduela baina ez duela pizten.

Inkesta horren emaitzen estrapolazioaren arabera, Gipuzkoan 65 urtetik gorako 10.000 pertsona inguru daude aurre-hauskortasuneko egoeran euren ongizate materialean duten ahultasunagatik.

 

  • Etxebizitza-premia

Gipuzkoan bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen % 11,5 hauskortasun-egoeran dago etxebizitza-arrazoiengatik eta % 50 baino gehiago aurre-hauskortasun egoeran. Galdeketa egindako pertsonen ia erdiek adierazi dute bizi diren eraikineko eraikigarritasuna ez dela egokia, eta horrek modu negatiboan eragiten du irteteko eta beste pertsona batzuekin harremanak izateko aukeran. 

Hurrengo urratsak

Inkestaren arabera, udaletako gizarte-zerbitzuei buruzko ezagutza nahiko handia da bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen artean, eta % 12k soilik ez daki zer laguntza-aukera dauden. Hala ere, elkarrizketatutako pertsonen % 20k adierazten du oinarrizko zeregin pertsonaletarako eta etxeko lanetarako laguntzak jaso nahiko lituzkeela eta % 3k laguntza psikologikoa edo psikosoziala eskatzen du.

Hurkoak, Adinberriren laguntzarekin, hauskortasunaren errealitatera hurbiltzen jarraituko du Gipuzkoan udaletako gizarte-zerbitzuekin lankidetzan. Horretarako, Hauskor programa jarriko du abian, hauskortasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko eredua ezartzeko eta garatzeko. Xede horrekin, proiektu pilotuak egingo ditu Arrasaten, Azkoitian eta Pasaian. Herri horietan, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako 50 pertsona inguru hauskortasun-egoeran daude. 

Proiektu horretan, Hurkoak Ikei kontsultoretzaren eta gizarte-esparruan hainbat kolektiborekin lan egiten duen Lahar irabazi asmorik gabeko elkartearen laguntza izango du. 

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat