Donostiako Andre Mariaren basilikak orain dela gutxi jaso du Donostiako orfeoiaren harrobia osatzen duten gazteen ikasturte amaierako kontzertua. Ekitaldia solidarioa zen, Hurkoak egiten duen lana babesteko, eta lagun asko izan ziren bertan.
Hurkoako langile eta boluntarioek, kantarien senideek eta publikoak oro har hainbat autore eta estilo barne hartzen zituen programaz gozatu ahal izan zuten.
Orfeoi Txikian 12-14 urte bitarteko haurrek jasotzen dute prestakuntza, eta Orfeoi Gaztea, aldiz, 14-19 urte bitartekoek osatzen dute.
Hurkoak Orfeoiaren lana aitortu eta eskertu nahi du, bereziki kontzertu solidario hau antolatu izana, hauskortasun, mendekotasun edo babesgabetasun egoeran dauden nagusiekin edo gaixotasun mentala dutenekin fundazioan egiten dugun lana babesteko.