Skip to main content
Imagen
voluntariado
12, Azaroa 22

Hurkoak aurretiazko borondateen erregistroa sustatzeko eskatu du, pertsonen bizi-kalitatea ziurtatzeko menpeko bihurtuz gero

“Garrantzitsua da beharbada besteek etorkizunean gure ordez egin edo erabaki behar dutena guk gaur erabakitzeko eskubidea eta betebeharra baliatzea”.Hori da Hurkoak datorren asteartean, hilak 27, Kutxaren Donostiako Andia aretoan egingo duen jardunaldiaren abiapuntua.Autonomia baliatzea ezintasun-egoerak aurreikusteko izenburupean, Fundazioaren helburua aurretiazko borondateen erregistroak ezagutaraztea eta sustatzea da, eta horiek baliatzeko egin beharreko urratsak erakustea. 

Halaber, hausnarketa egin nahi du hainbat gairi buruz: nola egiten ari diren, nola egin beharko liratekeen, zer hartu beharko luketen kontuan notarioek, Eusko Jaurlaritzako erregistratzaileak eta administrazioek gehiago esku hartu beharko luketen dokumentu-mota horietan...

Gero eta bizi-itxaropen handiagoa dagoen gizarte batean bizi garela eta, ondorioz, menpekotasun kognitiboa duten pertsonak gero eta gehiago direla kontuan hartuta, Hurkoarentzat funtsezkoa da aurretiazko borondateak zabaltzeko urratsak egitea, pertsona horien bizi-kalitatea bermatzeko. Erabakitzeko gaitasunik ez duenean pertsonak bere bizitza nolakoa izatea nahi duen garbi utziko duen dokumentua izango da. Hori, beretzat ez ezik, bere tutoreentzat ere izango da onuragarria; izan ere, batzuetan erabaki zailak hartu behar izaten dituzte, erregistro hori bete ez denean.

Aurretiazko borondateen abantailak

Idatzia ez da dokumentu itxia; nahi adina aldiz berregin daiteke, interesatuaren gustuak aldatzen diren neurrian. Testamentua baino baliagarriagoa da hil eta berehalako egoeretan, zehaztuta gera daitezkeenez zer-nolako hileta nahi duen, edota ehorztea edo erraustea nahi duen, nori abisatu behar zaion eta nori ez, non jartzen diren eskelak... Izan ere, kontu horiek, testamentu batean, ez dira jakiten hamabost egun igaro arte, eta orduan ez dute jada zentzurik.

Ezintasun-egoera aitortu eta tutore bat izendatu behar izango balitz, dokumentu hori betetzea nahitaezkoa da medikuarentzat, osasun-zaintzarako, eta epailearentzat, sententzia emateko; izan ere, Kode Zibilak kasu horietan jarraitu beharreko ordena zehazten du:ezkontidea, gurasoak, seme-alabak, ilobak... Alabaina, pertsonaren borondatea horietako inor ez izatea bada, hori bete beharko du epaileak.

Tratu txarrak saihestea

Bizi-kalitatea ziurtatzeaz gain, dokumentu horren helburua tratu txarrak saihestea ere bada.Tratu txar horien adibiderik garbiena osasunaren eremuan ikusten dugu, iktusa edo gaixotasun sendaezinak dituzten pertsonen bizitza luzatzen denean.Baina badira beste tipologia askotako kasuak ere:pertsona horren tutore izendatzea harekin oso harreman txarra duen norbait, egoitza batera eramatea etxean gelditu nahi izanda, gustuko ez dituen otorduak prestatzea... eta beste egoera asko.

Garrantzitsua da, halaber, aurretiazko borondateen dokumentuan zehaztuta uztea nola nahi duen interesatuak bere dirua gastatzea, edota nola antolatzen dituen diru-kontuak bere zaintza planifikatzeko.Hau da, etxean zaintzea nahi duen eta ez egoitza batean, alderantzizko hipoteka bat utzita... eta abar.

Hurkoaren esperientzia

Hurkoa babes-fundazio bat da, bere zerbitzuak pertsonari begira betetzeko konpromisoa duena, haren duintasuna eta bizitza-proiektua errespetatuz.Horrek pertsonak banaka hartzera behartzen gaitu, autodeterminazioa balio gisa eta eskubide gisa hartuz, pertsona bakoitzaren ahalmenak edo gaitasunak edozein izanik ere.Aurretiazko borondateen eremuan lanean urteak badaramatza ere, arlo zehatz bat sortu du bere baitan, oraintsu. Izan ere, oso garrantzitsutzat jotzen du petsona batek, kognitiboki ongi dagoenean, hala ez dagoenerako zaintza nolakoa izatea nahi duen idatzita eta adierazita uztea.Hori, gaur egun, alderdirik medikoenean soilik geratzen da funtsean.

Hurkoan, auto-babesa izapidetu duten pertsona guztiek, hogei bat guztira, Fundazioaren beraren esku utzi dute bere zaintza eta babesa.Normalean, hori egin dutenak hirurogeita hamar urtetik gora dituzten pertsonak izaten dira, hain ongi ez daudenak jadanik. Hala ere, Fundazioak uste du adinekoen %20ak baino ez dituela idatzita uzten aurretiazko borondateak. Alde batetik, aukera hori ezagutzen ez delako eta, bestetik, beldurra ematen duelako norbera egoera horretan irudikatzeak eta horrela amaitu dezakegula onartzeak.

Jardunaldiko hizlariak

Hurkoak antolatutako jardunaldiak aditu-talde handi bat ekarriko du, gaiari hainbat ikuspuntutatik heltzeko, hala nola ikuspuntu etikotik, juridikotik, administratibotik eta abarretatik. Aipagarriak dira Eduaro Clavé Donostiako Ospitaleko bioetikako doktore eta adituaren hitzaldia; Itziar Alkorta UPV/EHUko errektoreordearena, edota José Luis Vidal Euskadiko Aurretiazko Erregistroaren arduradunarena. Hitzaldi horien aurretik, Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak inaugurazio-aurkezpena egingo du.

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat