Desgaituta eta hauskortasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko Hurkoaren jarduera ezagutzea izan da Korsikako kolektibitateko ordezkarien ordezkaritza batek Euskadira egin berri duen bisitaren helburuetako bat.
Korsikako gobernuko kideek, erakunde ekonomikoek eta arlo sozio-sanitarioko erakundeek osatutako talde hori Euskadira etorri da, Hurkoa bezalako erakundeek kolektibo hauskorren bizi-kalitatea hobetzeko garatzen duten arreta-eredua gertutik ezagutzeko.
Bisita Euskadik eta Korsikak 2021ean sinatutako Lankidetza Memorandumaren ondorio da. Memorandumaren helburua da aldebiko harremanak eta lankidetzak sustatzea elkarren intereseko arloetan, hala nola, bizitza luzearen arretan eta mendekotasuna duten pertsonen laguntzan. Korsikako ordezkaritzak, Bianca Fazi Korsikako Kolektibitateko Osasun kontseilari exekutiboa buru duela, interes berezia adierazi du hauskortasuna jorratzen duten eta egoera ahulean dauden pertsonei laguntza eskaintzen dieten Hurkoaren programetan.
Hurkoa duela hamarkada batzuetatik ari da lanean adineko pertsonei, desgaitasuna dutenei edo hauskor egoeran daudenei laguntzeko, eta ordezkariekin partekatu ditu banakako jarduketa-ereduak eta erabiltzaileen autonomia eta ongizatea bultzatzeko erabiltzen dituzten baliabide espezifikoak.
Korsikako ordezkaritzak Euskadin egin duen egonaldian, bilerak egin ditu Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin Lakuan, eta hiru lurraldeetako beste zentro eta elkarte batzuetara joan da, gizarte-politiketan eta hirugarren euskal sektorean sakontzeko.
(Argazkia: Irekia)