Skip to main content
Imagen
fragilidad
14, Abendua 12

Hurkoak ahuleziari heldu dio, arazo hori pairatzen duten pertsonek erabateko bizi-garapena izan dezaten lortzeko

Hainbat aditu bildu ziren Hurkoak urtean bitan antolatzen duen jardunaldian, eta azpimarratu zutenez, lagun egitea da ahuleziaren arazoari erantzuteko faktore nagusia.

Hurkoa babes-fundazio bat da, eta ahulezia-, mendekotasun- edo babesgabetasun-egoeran dauden adinekoak eta/edo buruko gaitza dutenak artatzea, zaintzea eta babestea du helburu. Euskadin talde hori zer egoeratan dagoen eta zer premia dituen aztertzeko asmoz, Hurkoak jardunaldi bat antolatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin batera. ‘Ahulezia. Bizi-garapena sustatuz’ izeneko jardunaldi horretan, ahulezia-egoeran dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketen esku-hartzeen inguruko gogoeta egin zen eta, guztien artetik, lagun egitea jo zen arazoari erantzuteko faktore nagusitzat.

Jardunaldia hasteko, hainbat ikuspegitatik heldu zitzaion "ahulezia" terminoari, errealitate sozial konplexua eta aldakorra baita. Ikuspegi guztien artetik, batik bat ahuleziaren eta narriaduraren arteko loturan jarri zen arreta; izan ere, “arriskuak kontrolatu nahi dituen gizarte batean bizi bagara ere, narriadura bizitzaren zati bat da, halabeharrezkoa. Hori dela eta, prozesu horri heldu behar diogu, bi elementu konbinatuz: batetik, esku-hartzeen bideragarritasuna eta jasangarritasuna, eta bestetik, erabiltzaileek esku-hartze horiek kalitatez eta zuzentasun-eskakizunak betez hauteman ditzaten lortzeko beharra”.

Alde horretatik, eta bizitza prozesu ireki bat denez, esku-hartzeek ere horrelakoxeak izan behar dutela nabarmendu zen; hau da, hautabideak bilatu behar ditugula, eta ez dugula prebentzio-mekanismo itxi batera mugatu behar. Bestalde, gogora ekarri zen Osasunaren Munduko Erakundeak osasun-arloko esku-hartzea errehabilitazio funtzionalarekin bakarrik lotzen jarraitzen duela, eta adierazi zen ikuspegi hori gehiago lotu beharko litzatekeela “pertsonek erronketara moldatzeko dituzten gaitasunekin (edo izaten lagundu behar diegun gaitasunekin), %100eko funtzionaltasuna edo txikiagoa duten kontuan hartu gabe”.

Detekzioa eta tratu txarra

Lehen hurbilketa horren ostean, ahuleziari heltzeko prozesuak detekziotik hasi behar duela gogorarazi zen. Horretarako, denon hizkuntza bat garatzen saiatu behar dugu, neurketa- eta ebaluazio-tresnak elkarbanatuz eta koordinatuz. Izan ere, “koordinaziorik eza ahultasun bat da, eta pertsona guztiak kontuan hartu nahi baditugu, arazo hori gainditu beharra daukagu”.

Halaber, jardunaldian bildutakoek adierazi zuten ahulezia-kasuen detekzioa oso lotuta dagoela tratu txar fisiko zein ekonomikoak jasotzeko arriskuarekin. Tratu txar horiek besteekiko harremanetan gerta daitezke, dela modu aktiboan dela premia duen pertsonari zainketak ukatuz. “Detekzioa ez da lan erraza, adineko pertsonek zailtasun handiagoak baitituzte tratu txarrak hautemateko, autoestimua baxu izaten dutelako eta tratu hori merezi dutela pentsatzen dutelako”.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren tratu txarrak identifikatzeko, prebenitzeko eta kasu horietan jarduteko lehen protokoloaren azterketaren emaitzak jakinarazi ziren. Emaitza horien arabera, 65 urtetik gorako sei pertsonatik batek ditu arrisku-faktoreak. Horregatik, ahulezia-egoeretan esku hartzen duten langileei eskatu zitzaien “kontuz jarduteko, zenbaitetan, alta abandonatzearen sintoma bat izan baitaiteke, eta beraz, saihestu beharreko zerbait".

Lagun egitea, funtsezko faktorea

Maiz, tratu txarraren perspektiba da ahuleziari lotzen zaiona, eta ez dugu ahaztu behar hura prebenitzen eta, hala badagokio, konpontzen ahalegindu behar dugula. Hurkoaren iritziz, ordea, ahuleziari aurre egiteko tratu ona ere sustatu behar da, justizia sozialaren adierazpen bat baita. Hori dela eta, Hurkoaren ustez, ahuleziaren prozesuari aurre egiteko funtsezko faktorea lagun egitea da, batik bat arazo hori gehien pairatzen duten pertsonei; izan ere, denok gaude elkarren mende, eta denok dugu besteekin harremanak eta interakzioa izateko premia.

Bizitzaren bidean lagun egiteko, ikuspegi komunitario bat baliatu behar da, batez ere oztoporik eragin gabe, pertsonaren errealitatea abiapuntutzat hartuz eta haren eskubideak errespetatuz. Pertsonei osasuntsu bizitzen lagundu behar zaie, eta haien egoera hobetzen. Horrek, batzuetan, onegia izan ez den iragana onartzen eta etorkizunari itxaropenez begiratzen laguntzea dakar berekin.

Hori guztia dela eta, lagun egitearen giltzak lirateke, batetik, irisgarritasuna, bizitokiarekin hausturak gerta ez daitezen saiatuz, eta bestetik, bizi-kalitatea bermatzea, pertsona bakoitzaren berezitasunetan oso zentratuta dagoen ikuspegi batekin (horrek berekin dakar aktiboki entzutea pertsonek zer dioten eta zer lehentasun dituzten). Gainera, funtsezkoa da esku-hartzeak jarraitutasuna izatea, eta ez gertatzea arreta edo zerbitzu batetik bestera igarotzean izaten diren etenak; izan ere, nahiz eta aldaketa horiek egitea beharrezkoa izan ohi den, berriz ere hutsetik hastera behartzen gaituzte.

Berrikuspena eta baliabideak

Jarraitutasun horrek lotuta egon behar du egiten ari den esku-hartzearen etengabeko berrikuspenarekin eta doitzearekin. Bide horretan, dena ez da ezinbestez positiboa eta, bizitzan bezalaxe, desadostasunak gertatzen dira. Hortaz, hasieratik “egin behar dira ahalegin handiak, konfiantzan oinarritutako harreman bat sustatuz; izan ere, harreman hori gabe norbaiten alboan egon gaitezke, baina ez gara ariko hari lagun egiten”.

Gainera, lagun egiteko baliabideak behar dira, eta baliabide horiek, ahal dela, ahulezia-egoerei aurre hartzen saiatzeko balio behar dute. Hala, jardunaldian bertan, oso modu positiboan baloratu zen gizarte-zerbitzuen zerrenda osatzeko eta eguneratzeko dekretu berriaren iragarpena. Antza, hemendik denbora gutxira aterako da. Hala ere, ohartarazi zutenez, baliabide horiek, indibidualizatuak izaten diren arren, izaera orokorra dute, eta ohiz kanpoko egoerak ere kontuan hartu beharko lituzketela aipatu zen. “Pertsona guztiak ez gara berdinak, bakarrak eta bereziak gara, eta beraz, gutako bakoitza oso egoera desberdinean egon daiteke”.

Bestalde, nabarmendu zen zerbitzuek beti errespetatu behar dituztela pertsonak, pertsona horiek laguntzarik gabe bizitzeko gai izaten jarraitzea edo, ahal bada, horretarako gai egitea baita helburua. Lagundu egin behar diegu, baina ez erabakiak haien izenean hartuz edo haien eguneroko bizitzako ohiturak aldatuz. “Nolanahi ere, ordezkapen horretan, ez dugu kontuan hartu behar guk geuk pentsatzen duguna, baizik eta pertsona horrek pentsatuko lukeena une horretan duen egoera jakinean, hura zuzenean kudeatzeko gaitasuna galdu baitu”.

Arreta integrala eta ebaluazioa

Azkenik, adierazi zenez, zerbitzuek arreta integrala ematea izan behar dute xede, oso egoera zailak gerta baitaitezke; adibidez, iraganean erabaki zuzenak ez hartzearen ondorioz, ez baldin badago gaitasuna galdu duen pertsona ordezkatuko duen erreferentziazko norbait. Eta gogora ekarri zen esku-hartzea dagoen guztietan zerbitzuen kalitatearen ebaluazioak ere egon behar duela, zerbitzu horien eraginkortasunaren ikuspegitik ez ezik, erabiltzaileen edo laguntza jasotzen duten pertsonen iritziak eta nahiak kontuan hartuta ere bai, eta hori guztia batik bat justizia sozialaren printzipioak aintzat hartuta.

- Gero eta adineko pertsona gehiago bizi dira bakarrik -

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Lide Amilibia izan zen jardunaldiaren irekierako buru, eta adierazi zuenez, kezka eragiten dio gizartea gero eta zaharragoa izateak. Eskura dituen datuen arabera, euskal herritarren %21ek 65 urte baino gehiago ditu; horietatik %28,6k 80 urtetik gora ditu, eta gero eta gehiago bizi dira bakarrik. Egoera hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak hainbat politika jarri ditu martxan, pertsona horien bizi-kalitatea bermatzeko asmoz.

Lide Amilibiaren arabera, aldaketa demografiko handia ari da gertatzen gizartean, eta egiturak moldatu egin behar dira. “Izan ere, oso zaila da pertsona horiek ingurune berrira moldatzea, eta lagundu egin behar diegu, batez ere bakarrik daudenean". Hala, azaldu zuen koordinazio handia dagoela Enplegu eta Osasun Sailen artean; izan ere, lankidetzan aritu dira gizarte- eta osasun-arloan, hainbat ildo estrategikotatik erantzun apropos bat eman ahal izateko.

Esku-hartze horien helburua menpekotasun-egoeran dauden adinekoentzako gizarte-zerbitzuak ematea da, eta ahalegin handia egin da kostuak murrizteko eta arreta-zentroetako plaza-kopurua handitzeko. Eusko Jaurlaritza tratu txar psikologikoen eta ekonomikoen detekzioan ere ari da lanean. Tresna berri bat erabili du horretarako, eta laster emango du emaitzen berri ofizialki.

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat