Skip to main content
Imagen
Placa Hurkoa
11, Apirila 6

Hurkoaren eguneko zentroak 25 urte bete ditu eta, denbora-tarte horretan, menpeko 1.200 pertsona baino gehiago artatu ditu

Pozik da Gipuzkoako Eguneko Zentroen dekanoa, Hurkoa Fundazioaren Donostiako Nuestra Señora de las Mercedes zentroko zuzendari dena. Aurten, mende laurdena bete du zentroak. Izan ere, 1986ko maiatzaren 19an hasi zen martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Caritasek edadeko pertsonak egunez artatzeko hitzarmen bat sinatu ondoren. Hogeita bost urte horietan, 1.200etik gora erabiltzaile hartu ditu zentroak.

Gaur egun, astelehenetik iganderako 62 plaza edukita, Gipuzkoako zentrorik handiena da Donostiakoa. Plaza horietatik 60 Aldundiarekin itundurik daude. Plaza guztien %99 beterik daude; eta horiek betetzen dituztenek 82 urte dituzte, batez beste. Aurreko ekitaldian, zentroan astelehenetik ostiralera egondako erabiltzaileen %74 emakumezkoak izan ziren, eta asteburuetan nahiz jaiegunetan egondakoen %82 ere bai. Zehaztu beharra dago, era berean, martxan hasi zenetik 2002ra arte, artatuen %35 pertsona autonomoak zirela, eta horien %65, aldiz, menpekoak. Urte horretarik aurrera, ordea, laguntza-behar handiko pertsonak baino ez dira artatzen zentroan.

Ezaugarri bereizgarriak

Eguneko zentroko langileak eta boluntarioak buru-belarri aritu dira 25 urteotan erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena emateko. Zentroak hainbeste eboluzionatu du, non sektoreko zentro ereduzko bihurtu baita. Erabiltzaileek nahiz horien senideek inkestetan emandako puntuazio handia, esaterako, egindako lan handiaren erakusle da. Azken urteotan, 10etik 9,3ko puntuazioa jaso du zentroak batez beste. Erabiltzaileen %100ek baietz erantzun du zentroa beste pertsona batzuei gomendatuko liokeen galdetuta. Egundaino, gainera, inork ez du zentroa utzi beste batera joateko.

Bestetik, egoitza baten barruan ez dagoenez, Hurkoa Fundazioaren eguneko zentroa ez dago inolako egoitzen zerbitzuen mende. Horrez gain, pertsonak artatzeko hainbat modalitate eskaintzen ditu, 09:00etatik 19:00etara eta astean zazpi egunez. Ezin ahantz ditzakegu erabiltzaileentzako Banakako Artatze planak, familiei laguntza ematea xede dutenak. Hain zuzen ere, mendekotasun-mailaren eta berezitasunen arabera erabiltzaileei egokitutako zerbitzuekin du zerikusia, besteak beste, Eguneko Zentroari emandako puntuazio altuak; eraikina osatzen duten hiru solairuetako bakoitzean bereiz eskaintzen dira zerbitzu horiek.

Nabarmentzekoa da, era berean, Eguneko Zentroko Giza Baliabideen politikak ez duela txandakatzearen alde egiten langileak kontratatzean. Horren erakusgarri da Fundazioko zenbait profesionalek bertan lan egin dutela 25 urtean zehar, horrek adierazten duen konpromisoz, inplikazioz eta zerbitzuaren kalitatea eskainiz.

Azkenik, esan gabe doa hainbat zerbitzu eta programa eskaintzeaz gain (ikusi eranskinak), urtero beste 40 jarduera inguru eskaintzen dizkiela Fundazioak erabiltzaileei. Ez da hori bezalako beste programarik; eguneroko zerbitzuez gain, ondoko ekimen hauek egiten dira: tailerrak, txangoak, meza elizkizunak, kontzertuak, jaiak, eta abar. Erabiltzaileentzako balio erantsia dute jarduera horiek eta, gainera, egunez egun hobetzeko erronka betetzen laguntzen diote Fundazioari. Azken hori lagungarri izan da, halaber, ISO 9001 kalitate-egiaztagiria lortzeko eta EFQM sistema ezartzeko.

Etorkizunerako erronkak

Fundazioak, eguneko zentroan zaintzen dituen menpeko pertsonei ahalik eta zerbitzurik onena emateko asmoz, bere buruari jarritako hainbat erronka gainditu beharko ditu datozen urteotan. Alde horretatik, beraz, etenik gabeko hobekuntzarako EFQM kudeaketa-eredua ezartzearen alde egingo du Hurkoak, eta erabiltzaileen asebetetze-maila handiari eusten saiatuko da.

Bestalde, psikologo bat kontratatuko du Fundazioak diziplinarteko bere taldea indartzeko. Profesional horren bidez, balorazioak eta Banakako Artatze Planak egiteko prozesua hobetuko du Hurkoak. Ingurumenaren alorrean ere egingo du hobekuntzarik, besteak beste: berogailu-sisteman hainbat aldaketa egin; galdara aldatu; eta, atmosferara elementu kutsatzaile gutxiago isurtze aldera, gasa erabili du gasolioaren ordez.

Azken batean, edadeko menpekoak artatzen ereduzko izan nahi du Nuestra Señora de las Mercedes izeneko Hurkoaren eguneko zentroak eta, horretarako, eskaintzen dituen programak eta zerbitzuak berritu behar ditu.

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat